"Probokazio arrazisten eta gorroto diskurtsoen aurrean, politika eraginkorrak"
Elkarrekin Podemos-IU taldeak gogor gaitzetsi du joan den larunbaterako hainbat lagunek sare sozialetan zabaldutako deialdi arrazista eta faxista.
Joan den larunbat gauerako hainbat pertsonak sare sozialetan zabaldutako deialdi arrazista eta faxista gogor gaitzetsi du Elkarrekin Podemos-IU taldeak. Deitutako “manifestazio arrazista” arbuiatzeaz gainera, udaleko taldeek duten erantzukizun politikoa nabarmendu dute, eta “gorroto edo biolentzia diskurtsoen aurrean gure auzoetan kohesioa sortu, pertsona migranteak integratzen lagundu eta elkarbizitza sortuko duten benetako politikak” egiteko konpromisoa agertu dute. HITZAk jakin izan duenez, ez zen manifestaziorik edo bestelako aldarrikapen ekintzarik izan larunbatean.
“Gutxi batzuen probokazio xenofoboen aurrean beti lehenetsiko ditugu benetako politikak eta lana. Horrelako egoerei aurre egiteko beharrezkoak diren errekurtsoak izateko elkarlanean jarraituko dugu erakunde eta autoritateekin. Gure bide orria argia da: Probokazio arrazisten eta gorroto diskurtsoen aurrean, inor atzean utziko ez dituen politika eraginkorrak”.