[Bideoa] Pirinioetan zeharreko pedalkada solidarioak Tigrayren alde
Tigrayren aldeko bizikleta zeharkaldia urriaren 2an iritsiko da Hondarribira; laguntza humanitarioa bidali ahal izateko diru bilketa abiatu du Etiopia Utopia fundazioak.
Tigrayren (Etiopia) aldeko pedalkadak iniziatiba urriaren 2an, larunbatarekin, iritsiko da Hondarribira. Etiopia Utopia fundazioak bultzatutako dinamikak laguntza humanitarioa bidaltzeko diru bilketa egitea du helburu. Era berean, herritarrak Tigray mapan kokatzea, duela 11 hilabete hasitako gerraz jabetzea, eta biztanleek pairatutako larrialdi egoera agerian uztea bilatzen dute fundazioko kideek.
Pirinioetako zeharkaldia Rosesetik (Girona, Herrialde Katalanak) atera eta astebeteko epean iritsiko da Hondarribira. Hala ere, zortzigarren etapa bat gehitu diote Hondarribitik Etiopia Utopia fundazioaren egoitzara arte –Donostian dago– Jaizkibel zeharkatuz, igandean. Azken zeharkaldi horretan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Diru bilketan parte hartzeko eta informazio guztia ezagutzeko, Etiopia Utopia fundazioaren webgunera jo. Ondokoa da taldeak ekoitzitako bideoa.