Adinekoen Asterako ekitaldi ugari antolatu ditu udalak hiriko elkarteekin batera
Asteazkenetik urriaren 8ra bitarte hiriko zenbait puntutan txangoak, erakusketak, emanaldiak, proiekzioak, tailerrak eta bestelakoak eskainiko dituzte.
Hilaren 29tik urriaren 8ra bitarteko Adinekoen Asterako ekitaldi eta jarduera ugari antolatu ditu udalak hiriko elkarteekin elkarlanean. Hiriko zenbait puntutan txangoak, erakusketak, emanaldiak, proiekzioak eta tailerrak eskainiko dituzte.
“Adinekoen Astea oso garrantzitsua da Gizarte Ongizate arloarentzat eta udalarentzat. Pandemiak gogorren kolpatutako kolektiboetako bat izan dira adinekoak, eta haientzat jarduera asko eta asko eten egin dira. Ekitaldi hauekin, erakundeei egunero-egunero aurrera egiteko egiten duten esfortzua eskertu nahi diegu, eta kolektibo eta erabiltzaileekin dugun konpromisoa berretsi, haien bizi-kalitatea hobetzeko politikak abiarazteko
ezinbesteko zutabea baitira”, esan du Gizarte Ongizate saileko ordezkari David Nuñok.
Saio nagusia urriaren 1ean egingo dute, udaletxeko areto nagusian omenaldia egingo baitiete adinekoen alde lan egiten duten hiriko erakundeei. Zehazki, Makila, Izerbide, Nagusilan, Aspargi, Appebida, Gure Altxor, Afagi, Sorosartxa, Zelaiburu, Gepe eta Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak omenduko dituzte ekitaldian.
Ondorengoa da egitarau osoa:
- Hilak 29: Bisita gidatua egingo dute Irugurutzetako meategietara (17:00etatik 18:00etara), eta Oiasso museoaren sarrera doakoa izango da adikoentzako.
- Hilak 30: Musika emanaldia eskainiko dute Roberto eta Jose Ignacio musikariek Leka Enea apartamentuetan, 17:30etik aurrera.
- Urriak 1: Ate irekien jardunaldia egingo dute Luis Mariano Gizarte Zentroa ezagutzeko, Makila elkartearen laguntzarekin (10:30ean); 12:30ean Irungo adinekoen arloan lan egiten duten elkarteak aintzatesteko ekitaldia; 13:15an Nagusilan Elkartearen Abesbatzaren kontzertua; 16:00etan eskulanen erakusketa egingo dute Belaskoeneako adinekoen egoitzan, Soroxartxa elkartearen laguntzarekin; 17:30ean dantza emanaldia Belaskoeneako auzo elkartean; 18:30ean Mundo digital izeneko proiekzio laburra egingo dute Belaskoeneako egoitzan.
- Urriak 4: Ate irekien jardunaldia egingo dute Luis Mariano Gizarte Zentroan, 10:00etan eta 16:00etan; 16:00etan aldiz, margoen erakusketa egingo dute San Miguel adinekoen gizarte zentroan.
- Urriak 5: 11:00etan Oiasso museotik bisita gidatua egingo dute; 17:30ean Que modernidades izeneko proiekzio laburra eskainiko dute; 18:15an La experiencia y los cambios tecnologicos izeneko hitzaldia eskainiko dute.
- Urriak 6: Ikusmen desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako jarduera sentsoriala egingo dute Oiasso museoan 11:00etatik aurrera; 17:00etan aldiz, Santa Elena ermita ezagutzeko bisita gidatua egingo dute.
- Urriak 7: Gure Altxor Elkarteak dantza emanaldia eskainiko du Iraso Zentro Sozialetan, 17:00etan; 17:00etatik aurrera Santa Elena ermitara bisita gidatua.
- Urriak 8: Anakako espazio sozialeko adineko pertsonek argazkigintzaren bitartez bizitutako esperientziak biltzen dituen erakusketa inauguratuko dute, 17:30ean, Palmera Monteron; 17:00etan aldiz, Santa Elenako ermita ezagutzeko bisita gidatua egingo dute.