[Elkarrizketa] «Lan egiten badugu denboraldi polita egin dezakegu»
Euskotren Ligako plaza galduta ETE ligan ariko da datorren denboraldian ‘Ama Guadalupekoa’. Sasoi bakarra eman du Garmendiak lemazain titular gisa, baina nahikoa izan da 2021eko Patroi Onenaren sariaren aitortza eskuratzeko.
Laugarren urtez egokitu zaizue play-offa jokatzea, baina aurten ezin izan diozue mailari eutsi. Nola zaudete?
Ondo, baina pena pixka batekin gehienbat oso denboraldi ona egin dugulako. Emaitza oso politak lortu ditugu ligan eta horrela bukatzea zapore txarrarekin bukatzea da. Hala ere, gutxinaka asumitzen ari gara eta egia esan, datorren urtera begira gogotsu gaude.
Larunbatean Tolosaldetik 17 segundora sartu zineten, eta plaza galtzeko gakoa izan zen hori. Zer gertatu zen?
Bagenekien oso ondo egin behar genuela Tolosaldeari irabazteko. Azkenean ikusi dugu oso-oso maila altua eman duela eta itsaso txarra zuen estropada bat izan zen. Bagenekien diferentzia handiak izan zitezkeela, eta beraien alde edo gure alde joka zezakeela. Guretzako zoritxarrez beraien alde izan zen. Haiek zoriontzea besterik ezin dugu egin, oso estropada ona egin zutelako. Gure kasuan, joaterakoan ez genuen hain gaizki egin, baina bueltan, itsaso txarrarekin burua galdu genuen, istribor aldetik jotzen zigun itsasoak eta haizearekin ez genuen gure arraunkera hartu.
Igandean segundo gutxira sailkatu arren, ezinezkoa izan zen.
Bai, bagenekien mirari bat gertatu behar zela: gu lehenengoak eta Tolosaldea azkenekoa izatea. Kalkulu guztiak egin genituen eta gure azkeneko estropada zela esan genuen. Bagenekien galduta genuela baina borrokatzera atera ginen, eta gutxienez, oso estropada ona egin genuen. Gustura joan ginen.
Dena ematera joan zineten.
Bai, gure helburua zen gutxienez ondo bukatzea eta zapore onarekin bukatu genuen, nahiz eta pena hori eduki. Bagenekien jaitsi egingo ginela, baina estropada ona eginda, gutxienez datorren urtera begira, motibazio horrekin joan nahi genuen.
Traineru gaztea da Hondarribikoa, nola ikusten duzu etorkizun hurbila?
Uste dut oso proiektu polita daukagula, ez? Azkenean aurten igo dira, gainera, Gazte Mailakoak zirenak, eta etorri dira aulki mugikorrean zebiltzanak, nahiz eta horiek ez dauden oso ohituak itsasora. Kristoren maila erakutsi digute. Urtez urte, nik uste, esperientziarekin asko irabaz dezakegula, eta hori bai, datorren urtean oso denboraldi polita ere egin dezakegula.
ETE ligan ariko zarete datorren urtean. Maila handiko liga da. Nola ikusten duzue zuen burua bertan?
Ikusi dugu Deustu, Hibaika… maila oso polita ematen ari direla ETE ligan, baina beraien aurka jokatu dugunean segundo gutxira edo lehen postuan geratu gara. Orduan, horrela jarraitzen badugu eta lan egiten badugu, nik uste dut oso denboraldi polita egin dezakegula eta bandera dezente irabazi.
Azkenik, Euskotren Ligatik kanpo bai, baina Patroi Onenaren sariarekin. Zorionak. Kontent zaude aitortzarekin?
Eskerrik asko. Bai, ez nuen espero azken batean nire lehen urtea zelako halako maila batean. Nire taldeak eman dit behar nuen konfiantza eta oso ondo egin dugu lana. Gutxienez sari horrekin pozik goaz.