Irungo familientzako gozagarri, bueltan da 'Igande sasoi'
Igandean, 11:00etatik 13:00etara, kirolak hartuko du Colon ibilbideko erdigunea. Atletismoa, tenisa, saskibaloia eta xakea egongo dira.
Udaleko Kirol departamentuak jakinarazi du igande honetan bueltan izango dela berriro Igande sasoi programa. Iniziatiba hori 2013. urtean hasi zen, jende guztiarentzako kirol jarduerak sortzeko helburuz.
Colon ibilbidearen erdigunean, igandero eremu hori guztia oinezkoentzako eta txirrindularientzako erreserbatzen dela aprobetxatuz, Irungo zenbait kirol taldek kalea hartuko dute 11:00etatik 13:00etara.
Borja Olazabal ordezkariak azaldu duenez, “mugikortasun jasangarria eta kirola batzen dituen programa bati heldu diogu berriro, izan ere, programa horrek oinarrizko premisa bat zuen: Irungo familiei igande goizean aire zabalean aisialdirako aukera bat eskaintzea, kirola eginez bizimodu osasungarria bultzatzeko”.
Honako jarduera hauek aurreikusi dituzte iganderako:
- Atletismoa. Bidasoa Atletiko Taldeak parte hartuko du.
- Tenisa. Badia TPrekin.
- Mahai-tenisa. Leka Enea mahai-tenisarekin.
- Saskibaloia. CD Erroibide taldearekin.
- Xakea. Bidasoa Fiantxeto xake klubarekin.
Oharra: Trafikoa moztuta egongo da 09:00etatik 19:00etara, Iparralde eta Gipuzkoa hiribideak Colon ibilbidearekin gurutzatzen diren lekua oinezkoentzat eta txirrindularientzat izan dadin. Irunbusek eten egingo ditu erdialdean dituen geltokiak 1, 2 eta 4 lineetan.