"Ez ditugu horrelako jarrera faxistak onartzen gure auzo eta herrian. Ez dira ongi etorriak"
Irungo eta Mosku inguruko eragileek traza faxista eta arrazista garbia duen deialdi baten kontra egin dute: "Alde egin dezatela haiek, bakean utz gaitzatela".
Irungo zenbait eragilek, baita Irungo Alde Zaharreko eta Mosku inguruko hainbat komertzio eta tabernak, agiri bateratua kaleratu dute. Horren xedea da larunbat gauerako hainbat pertsonak sare sozialen bidez zabaldu duten deialdia arbuiatu, eta horren kontra egitea.
Deialdi horrek kutsu arrazista eta faxista garbia du. “Mozorroak erantzirik, harrotasun osoz, oldarraldi faxista bati bide emateko saiakera da”, esan dute Irungo eragileek. Gainera, Moskun eta hirian “azken aldian areagotzen ari diren jarrera eta ekintza faxistek” ez dutela lekurik adierazi dute sinatzaileek, “ez ditugu horrelako jarrera faxistak onartzen gure auzo eta herrian. Ez dira ongi etorriak”.
Horri aurre egiteko Moskun bertan ekitaldi kultural antifaxista antolatu dute hainbat eragilek larunbaterako. Eta agiriaren sinatzaileek bat egin dute azken horrekin. “Arrazakeriaren aurka, faxismoaren aurka, mila kolore. Mosku harrera auzoa, Irun harrera herria”.
Aldi berean, testua izenpetu duten eragileak kontziente dira fluxu migratzaile handia dagoela Irunen, eta horren aurrean ezin dela beste alde batera begiratu: “Gure auzoak eta herriak pertsona hauei harrera egiteko konpromisoa hartu beharrean daude. Mosku harrera auzoa izan da eta izango da, gehien behar dutenen aterpe. Kultur-artekotasuna lantzea guztiok dugun erronka bat da”.