Daniel eta Ainize Txopitearen 'Destinia' ikus daiteke Mentxu Gal aretoan
Azaroaren 21era bitartean ikusi ahal izango da Txopitea aita eta alabaren erakusketa; hirurogei obrek eta ikus-entzunezko batek osatzen dute.
Junkal Izagirre Irungo Udaleko Kultura ordezkariak eta Ainize Txopitea artistak Destinia erakusketa aurkeztu zuten atzo goizean, Mentxu Gal aretoan egindako agerraldian. Gaurtik azaroaren 21era bitartean bisita daitezke Daniel Txopiteak eta Ainize Txopiteak, aita eta alaba hurrenez hurren, sortutako artelanak. Hirurogei obrek eta ikus-entzunezko lan batek osatzen dute erakusketa. Eizagirrek nabarmendu zuenez, “arte garaikideari dagokionez, hiriko kultur agenda indartuko da” erakusketarekin.
Txopitea alaba da Destinia-ko komisarioa. Zabaldutako informazioaren arabera, “artearen eta belaunaldien arteko testuinguru garaikide bat sortzen da erakusketako instalazioaren bidez”. Bertan, Txopitea aitak azken urteetan sortutako eta argitaratu gabeko obren berrinterpretazioa egiten da, baita haren ibilbide artistikoaren zenbait uneren laburpena eskaini ere.
Danielen eta Ainizeren 30 obra bana biltzen ditu erakusketak. Zehazki, aitak 1950 eta 1997 urte artean sortutakoak, “askotariko formatu eta tekniketan egindakoak”. Horiekin batera, Ainizek berriki diseinatutako beste 30 pieza daude, Lisboan eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan sortutakoak.
Bisita egiteko interesa duten lagunek, ondoko ordutegian egin dezakete: ostiral eta
larunbatean 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.