Klima aldaketa, gogoetarako gai Irunen
Hilaren 28an mahai-ingurua egingo dute, eta hurrengo egunean antzerkia: biak Palmera Monteron dira. Era berean, erakusketa ere zabalduko dute.
Asteklimaren barruko hainbat jarduera egingo dituzte Irunen. Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea da, eta horri lotutakoak egitea erabaki du Irungo Udalak. Mahai-inguru bat, antzerkia eta erakusketa dira hirian egingo direnak.
Hilaren 28an (asteartea) klima aldaketaren gaineko mahai-ingurua jasoko du Palmera Moneroko bigarren aretoak, 18:00etatik 19:30era (gaztelaniaz da). Garazi Auzmendik (klima aldaketari buruzko Gure basoen ekarpena klima aldaketaren aurkako borrokan azterlanaren egilea, besteak beste), Jose Maria Hernandezek (Zientzia Geologikoetan doktorea) eta Xabier Estebanek (Naturklima Fundazioko zuzendari teknikoa) eta Dorleta Orue-Etxeberriak (Gipuzkoako Klima Aldaketaren Behatokiko koordinatzailea) parte hartuko dute.
Hilaren 29an (asteazkena), berriz, antzerkirako unea. 18:00etan, Palmera Monteroko bigarren gelan baita ere, Trokolo antzerki taldeak Bertan kasu egin, edo banoa lanari ekingo dio. 15 urtetik gorakoentzat da, eta adingabeak heldu batekin batera joan behar dira.
Azkenik, hilaren 27tik urriaren 1era Klima aldaketari aurre! erakusketa jasoko dute Palmera Monteroko hormek. Bertan ingurumen hezitzaile bat egongo da, honako ordutegiarekin: hilaren 27tik 29ra 17:30etik 19:30era.