Natalia Cambronero: «Konpromiso sozialik gabe arteak ez du zentzurik»
Aurtengo Aturri-Bidasoa lehiaketa irabazi du irundarrak ‘Blood’ izeneko obrarekin. Afganistango emakumeen egoera salatzeko sortutako lan honekin «‘shock’ efektua» lortzea izan da bere asmoa.
Nondik dator lehiaketaren obra irabazle honen ideia, nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
Senatik sortutako lana izan da. Ordenagailuaren aurrean nintzen, eta bat-batean Afganistango albistea, AEBetako tropak irteten hasi zirenetik talibanek pixkanaka herrialdea bereganatu zutenekoa, iritsi zitzaidan. Momentu horretan arropa ehuntzen hasi nintzen, pieza bat osatzen. Horrekin nire gorputzaren inguruan esperimentatzen hasi nintzen, ispiluaren aurrean arropa kentzen hasi nintzen. Orduan argi izan nuen Afganistango emakume eta neska gaztetxoek pairatu behar izango zuten egoera hori salatu nahi nuela. Problematika horrekin erabat konektatu nuen. Nire lan gehienek salaketa sozial hori dute abiapuntu gisa. Lehen aldia da hain autoerretratu indartsua egiten dudala, lehen aldia da kameraren aurrean biluzten naizela. Shock efektu bat eragin nahi dut lanarekin. Egoera honen aurrean bai ala bai zerbait egin behar dela uste dut, ezin dugu beste alde batera begiratu. Norbait erakusketara sartzerakoan nire obraren aurrean geldialdia egitea nahi dut, horregatik aukeratu dut kolore gorri hori. Eta nola ez, dagoeneko isuri den eta isuriko den odolari erreferentzia egiteko hautatu nuen gorria. Afganistanen hori pairatzen ari dira aspalditik, baina hemen ere arazo ugari jasan behar izaten dituzte emakume askok. Esaterako, askok ezin dituzte azkazalak margotu edo minigona bat eraman senarrak uzten ez dielako. Modu batean ala bestean jazartuak diren emakume guztiak gogoratzeko lana izan da, eta uste dut problematika honek horrelako lanketa bat eskatzen zuela, beharrezkoa zela.
Beraz, orain arte egindako lan pertsonalena dela esango zenuke?
Zalantzarik gabe, oso pertsonala izan da, asko sentitu dut. Oso nirea izan da lan hau. Herritarrak obra begiratzen ari diren une horretan emakume horien errealitatea ikustea nahi dut, hori da helburua: gogoeta. Amona, ama eta alaba horiekiko enpatia hori sortzea. Helburua ez da jendeak obra gustuko izatea, baizik eta gogoetara eramatea, klik hori eragitea ikuslearen buruan. Besterik ez.
Salaketa soziala, beraz, funtsezkoa da zure obra guztietan.
Uste dut artista guztiek konpromiso hori izan beharko luketela, gizartearekin eta historiarekin konprometitutako obrak behar ditu gizarte honek. Pablo Picassoren honako esaldi honekin geratzen naiz: ‘Arteak ez dezala balio soilik paretak apaintzeko, artea etsaiaren kontrako defentsarako eta erasorako erraminta bat da’. Konpromiso sozialik gabe arteak ez du zentzurik. Kutsu dekoratzailea duten obrak egin daitezke, eta tarteka egiten ditut, baina benetan betetzen nauena hori da, salaketa bat egitea. Egia da horrelako lanak zailagoak direla saltzeko, baina badirudi azken aldian artista askok hori ahaztu dutela, tamalez.
Azken urteetan artearen diziplina ugari ukitu dituzu. Zeinek betetzen zaitu gehien?
Artean gehien gustuko dudana transmititu ahal izatea da, eta berdin zait nola egin hori. Ez diot beldurra ezeri. Ez zait nola hori inporta, baizik eta zer. Argazkilaritza, margoa, instalazio bat, arropa, ikus-entzunezkoak… Lan bat egiterakoan obra hori nola sentitzen dudan da garrantzitsuena niretzat, milaka modutara isla baitaiteke hori. Garrantzitsuena da zer kontatu nahi dudan.
Salaketa honekin jarraitzeko asmoa duzu, ezta?
Bai, hala da. Datorren urtera arte emakume hauen egoera salatzeko pieza gehiago sortuko ditut, eta sari hau baliatuko dut oihartzun hori izan dezan. Instagramen abiatu dudan proiektu baten barruan sartu ditut obra hauek, bertan edonork kontsulta ditzake orain arte egindako lan guztiak. 5