[Erreportajea] Irtenbidearen alde egindako ahaleginagatik sarituko dute Etxabe
2018ko alardeko gertakarien harira, irailaren 10eko mezan egindako adierazpenek jasotako erantzunak kargua uztera eraman zuten Bitoriano Etxabe apaiza. «Sufrikarioa» besterik ez zuela antzeman adierazi du.
2018. urteko irailaren 8a «bortitza» izan zela dio Bitoriano Etxabe Jasokunde eta Sagarrondoko Andra Mariaren Eliz Parrokiko apaiz ohiak. Jaizkibel konpainia parekideak Kale Nagusia igaro ahala bizitakoari «oso gogorra» iritzi dio elizgizonak. Testuinguru horretan herriak eta familiek bizitako «sufrikarioari» erreparatuta, 1638ko setioan hildakoen omenez irailaren 10ean egin ohi den meza baliatu zuen bildutakoen artean mezu bat zabaltzeko: «Hitz egiteko». Ondoren, «jaiotzear dauden hondarribiarrei utzi nahi diegun herria hori ote den» galdetu zuen Etxabek.
Hautsak harrotu zituen parrokoak esandakoak, eta meza entzuten zegoen emakume bat aldarera igo zen haren eskuen artetik mikrofonoa kenduz. Handik gutxira trasladoa eskatu zion Etxabek Jose Ignacio Munilla Donostiako elizbarrutiko gotzainari, eta apaizak egun batetik bestera agur esan zion Hondarribiari.
Orain, baina, bestelako egoeran itzuliko da Hondarribira Etxabe. Hain zuzen, Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jasotzera bueltatuko da. Garbiñe Biurrunek, Maddalen Iriartek, Nieves Alzak, Arantza Egigurenek, Iñigo Lamarkak eta Xabier Lapitzek osatutako epaimahaiak bikarioak «konponbidea lortzeko egindako ahalegina» aitortzea erabaki duelako, horretarako «ausardia» erakutsi baitzuen. Areago, «herria uztera» behartu zutela erantsi du epaimahaiak argudioen artean. Etzi, igandearekin, egingo dute ekitaldia Itsas Etxea Auditoriumean, 18:30ean hasita.
Belaunaldi berriak
Jaiotzear dauden hondarribiarren inguruan egindako galderak «jende askori» min eman ziola onartu du apaizak. «Esan nituenak esan nituen, hala sentitzen nituelako, eta oraindik ere horrela sentitzen dut. Oso bortitza izan zen; sufrikarioa familietan, bi aldeetan, horixe ikusi dut. Sufrikario hori, zergatik?». Ildo horretan, etorkizuneko belaunaldietan jarri du begirada Etxabek, eta «itxaropentsu» agertu da, «denborarekin, belaunaldi berriekin, aurrerapausoak» emango direla uste baitu.
Gogoratu duenez, 2014an Hondarribira iritsi zenean ez zen halako tentsiorik bizi, eta pixkanaka giroa «hobetuz» zihoan. Hala ere, 2018ko abuztuaren erdialdetik, berriz, giroa «berotzen» joan zela aipatu du. «Ez zen ezer berezirik izan, baina urduritasuna edo…», dio.
Hondarribia, hondarribiarrak eta alardea bera «dotoreak», «ederrak» eta «euskaldunak» direla nabarmendu du apaizak. Horregatik Kale Nagusian zein parrokian gertatutakoa ez zuela espero aitortu du. Hondarribiak ez duela «bortizkeriarik» merezi erantsi du, eta «bederen-bederen, errespetua» eskatu du: «Gutxienez errespetatu, eta hitz egin».
Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariak egun horietan bizitakoa arinduko ez duen arren, «ilusioz» jasoko du aitortza Etxabek. Ondoren, orain dela 25 urte tabuak hautsi eta soldaduz jantzita lehen pausoak eman zituzten emakumeak omenduko dituzte, urratsez urrats, belaunaldiz belaunaldi, gizarte berri baterako lehen harriak jarri zituztelako.