Atzo hasi zen emakumeentzako teknologia berriei buruzko ikastaroa
Emakumeei bideratutako formakuntza espazioak sortzea "oso garrantzitsua" iruditzen zaiola adierazi du ere Miguel Angel Paezek, Bidasoa Bizirik agentziaren zuzendariak. Formakuntzan izen emateko aukera oraindik irekita dago.
Eskualdeko emakumeei zuzendutako teknologia berriei buruzko ‘Women flowing with tech’ formakuntza atzo hasi zen Irun Factoryn, eta hamabost emakume gerturatu ziren, bai presentzialki eta bai online bidez. Urriaren 15ean amaituko da, zazpi egunetan egingo da, 5 orduko lau saioetan banatuta eta 20 orduko iraupena izango du.
Bidasoa Bizirik agentziaren eta Leinner’s Flow enpresak antolatu dute eta errealitate areagotua, errealitate birtuala eta adimen artifizialean espezializatzeko aukera egongo da. Izen emateko aukera zabalik dago, oraindik, eta esteka honetan egin daiteke; zalantzak, aldiz, helbide honetara mezu bat idatziz argituko dituztela jakinarazi dute.
Prestakuntza honen helburua, emakumeak alor honetan “modu espezializatuago batean” prestatzeko interesa piztea dela adierazi du agentziak eta Miguel Angel Paez zuzendariak zehaztu du, “Sektore teknologikoak sortuko du enplegu gehien datozen urteetan, eta, hala ere, ez dago emakumerik mundu honetan”. Emakumeei bideratutako formakuntza espazioak sortzea “oso garrantzitsua” iruditzen zaiola adierazi du ere Paezek.
Saioak ‘Women flowing with tech’ sektoreko emakume erreferenteek zuzenduko dituzte eta modu gamifikatuan eskainiko dira. Hau da, jolasen bidez ikasten ariko dira eta modulu batetik bestera pasatzeko hainbat proba egin beharko dituzte. Izan ere, jokoen bidez errendimendua handitzen dela eta jarrera positiboak indartzen direla frogatuta dagoela esan du Bidasoa Bizirikek.