«Hurbiltasuna» eta «samina» adierazi die udalak Sastreren senide eta lagunei
Hondarribiko Udalak Alfonso Sastreren heriotzagatik doluminak helarazi dizkie familia eta hurbilekoei.
Hondarribiko Udalak Alfonso Sastre idazlearen heriotzagatik «samina» eta «hurbiltasuna» adierazi die haren senideei eta lagunei komunikabideetara igorritako ohar baten bidez.
«1926an Madrilen jaiotakoa, 1970eko hamarkadatik Hondarribian bizi zen Sastre, eta asko dira bere bizitza luzean zehar Hondarribitik egin eta argitaratutako lanak. Besteak beste, 1986an Antzerkiaren Sari Nazionala jaso zuen».
Tokiko administraziotik gogoratu dutenez, «udalak Sastreren hainbat ekimenekin bat egin du, azkena, otsailaren 20an, 95 urte bete baina egun gutxi lehenago, Zutoin Beltza antzezlanarekin batera Sastre eta bere bikotekide zen Eva Foresti omenaldia egin zitzaiolarik. Aurretik, 2014ko maiatzaren 19an beste omenaldi bat egin zitzaion Itsas Etxea Auditoriumean eta 2008an Udaletxeko Areto Nagusian».