Lan istripuan hildako Irungo langilea eta gainontzekoak, gogoan
Ezker abertzaleak elkarretaratzea egin du Euskal Herrian lan istripuan hil diren 46 langileak gogoan. Prekarietatea egin dute heriotza horien erantzule.
Atzo arratsaldean Irungo ezker abertzaleak elkarretaratzea egin zuen San Juan plazan, lan istripuan hildako langileak gogoratu eta istripu horiek salatzeko. Horietako bat, irundarra, Eugenio ‘Ito’ Legorburu zen: joan den asteazkenean, hilak 8, hil zen Igantzin, gidatzen ari zen kamioia iraulita.
Aurten lan istripuan 46 langile hil dira, eta, horietatik, hiru, joan den astean. Zentzu horretan, Aski da. Kapitala vs. Bizitza. Lan istripu gehiagorik ez lelopean hamarnaka lagun atera ziren kalera atzo.
Ezker abertzaleak “prekarietatea”, eta, oro har, “terrorismo patronala” egin ditu egoera horren erantzule.