Bi jardunaldi antolatu ditu Oiassok, "gure ondarearen eskuragarritasuna hobetzeko"
'Oiasso zure eskuetan' eta 'Oiasso ezagutzen' izeneko bi jardunaldi antolatu dituzte. Lehena ikusmen urritasuna dutenei begirakoa izango da, eta bigarrena, hizkuntza premia bereziak dituztenentzako.
Aurten ere Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egin du Irungo Oiasso Erromatar Museoak, museoko iturrien arabera, “ondarea balioesteko, herritarrei hurbiltzeko eta ondare hori kontserbatzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko”. Aurtengo programak 100 jarduera baino gehiago izango ditu, eta Irunek horietako bi jasoko ditu.
Hilaren 22an eta 29an Oiasso zure eskuetan izeneko jarduera egingo dute, hau izango da lehena. Honetan, ibilaldi bat antolatu dute museoan barrena ikusmen urritasuna duten pertsonentzat. Ukimen esperientzia bat izango dela aurreratu dute museotik, museoko objektu arkeologikoen erreprodukzioekin, hilarriekin eta Oiassoren maketarekin. Areto bakoitzeko informazioa ere braillez egongo da.
Bestalde, bigarren jarduera Oiasso ezagutzen izenpean egingo dute, asteazkenero eta ostiralero (urrian). Kanpotik etorritako ikastetxeetatik etorritako eta hizkuntza premia bereziak dituztenei begirako jarduera izango da. Laborategiko arkeologia eta ikerketako tailer bat egingo dute.
Bi jardueren asmoa da “gure ondarea ezagutzea eta hartaz gozatzea oztopatzen duten oztopo fisiko, psikiko, kultural eta sozialak gainditzen laguntzea”.