Belaskoenea auzoko Euskotren geltokia eraberrituko dute
200.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak, eta 90 eguneko epean amaitzea aurreikusi dute.

2022 hasierarako Belaskoenea auzoko Euskotren geltokiak itxura berria izango du, urteko azken hiruhilekoan geltokia eraberritzeari ekingo baitio Eusko Jaurlaritzak. Horretarako 200.000 eurotik gorako inbertsioa egingo dute, eta 90 eguneko epean amaitzea aurreikusi dute.
Euskal Trenbide Sareko kontratazio organoak Alberdi Obras S.L. enpresak aurkeztutako eskaintzarik onena onartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, esleipena datozen asteetan egingo dute, azaroa hasieran obrak hasteko.
Erabiltzaileak babesten dituen markesina eta nasaren zoladura osatzen duten lauzak egoera kaskarrean daude egun, horregatik erabaki dute eraberritze proiektua egitea. Ondorengoak dira, besteak beste, egingo dituzten lanak: nasa eraistea, saneatzea eta nibelatzea, kutxatilak jartzea, nasaren ertzeko piezak eta zoladura ajrtzae, seinaleak eta argiak desmuntatzea, markesina kentzea berri bat jartzeko, argiteria eta seinaleztapen lineak instalatzea eta gelditze eta segurtasun lerroetan margoa berritzea.