Txenpereneako "zabortegi ez erregulatuak" salatu ditu Eguzki Erakunde Ekologistak
Txenperenea inguruan aurki daitezkeen baratzeetan "zabor asko" biltegiratzen ari dela salatu dute, "inongo kontrolik gabe" gainera. Inguruan bizi diren herritarrei ekintza horiek salatzera animatu dituzte, "euren betebeharra baita horrelako guneak garbi mantentzea".
Eguzki Erakunde Ekologistak Irungo Txenperenea inguruan aurki daitezkeen baratzeetan “zabor asko” biltegiratzen ari dela salatu berri du, “inongo kontrolik gabe” gainera. Hedabideei bidalitako ohar batean diotenez, eremuan aurretik egindako lanengatik edota inguruko jendeak botatako hondakinengatik “zabortegi ez erregulatuak” sortu dira, eta ekintza horiek “eremuaren utzikeria eragiten” dutela. “Hondakin horiek, inguruan bizi eta lan egiten duten pertsonen egunerokoa bihurtzen dira, usain txarra eta lekuaren irudi txarra sortuz”, diote amorruz.
Hondakin horiek inguruko animali eta espezie askorentzat “elikagai toxiko” direla erantsi dute. Hirian dagoen leku berde “gutxienetakoa” dela nabarmendu dute, eta garbi mantendu beharrekoa dela.
Horregatik Eguzkitik salatu dituzte “gero eta urriagoak diren espazio natural hauen utzikeri eta suntsipen ekintza hauek”. Inguruan bizi diren herritarrei ekintza horiek salatzera animatu dituzte, “euren betebeharra baita horrelako guneak garbi mantentzea eta horiek arautzea horrelako egoerak ez gertatzeko”. Herritarrei “kontzientzia sortzera eta beraiek gozatzen dituzten eremuak zaintzera” gonbidatu dituzte, herritar guztiek eremu natural horietaz gozatu dezaten.