Maila handiko zestalariak bilduko ditu 2021eko Hondarribia Grand Slamek
Gaur goizean burutu dute torneoaren aurkezpena Jostaldi pilotalekuan; ostiralean hasi eta bost jardunaldiz luzatuko da Hondarribiko saria.
Ostiralean hasiko da 2021. urteko Hondarribia Grand Slam torneoa. Hilaren 17tik urriaren 15era luzatuko da, bost jardunaldiz, Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotziak, Yoni Amboage Hondarribiko Pilota Eskolako arduradunak eta Mikel Egiguren Jai Alive enpresako ordezkariak gaur goizean aurreratu dutenez.
“15. urtez jaialdia antolatzen dugu Hondarribian”, adierazi du aurkezpenean udal hautetsiak, “15 urte, erraz esaten da baina lan asko dago horren atzetik”. Nabarmendu duenez, pandemia hasi zen arte udan zehar garatzen zen torneoa eta gastronomia hitzorduekin batera garatzen zuten. Iaz formatua eta datak aldatzea ezinbestekoa izan zen, eta hamar jardunalditik bostera murriztu behar izan zuten lehiaketa. Hala, “aurten ere bost saiotan egingo dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiet bai Jai Alive enpresari baita Hondarribiko Pilota Eskolari ere atzean dagoen lan guztia azpimarratzeko modukoa delako”.
Amboage eskertuta agertu da udalarekin, “honen bitartez neska-mutil gaztetxo askok jaialdia ikustera etortzea lortzeaz gain, eta kirol honekiko grina piztea ere lortzen dugulako. Ikusten ez den arren, gurasoek egindako lan izugarria eta borondatezkoa ere eskertu nahi dugu”.
Sorrera
2007an Jostaldi pilotalekua berritzearekin batera ekin ziotela pilota eskolari eta jaialdia antolatzeari azaldu du Egigurenek. “Dagoeneko 15 urte igaro dira”, jarraitu du, “eta oso kontent gaude hemen egoteagatik. Are gehiago: bost egunez zuzeneko telebista emankizunak eta munduko zestalari onenak edukitzeak ohorez betetzen gaitu”. Zentzu horretan, orain dela 16 urte Hondarribia ez zela “zesta-puntaren mapan agertzen” nabarmendu du ordezkariak, “eta orain eskola eta lehiaketarik onenak ditugu”.
Zabaldutako informazioaren arabera, denera, 300 ikusleentzako lekua egongo da Jostaldin. Sarrerak 5 euroan egongo dira salgai leihatilan bertan partiden egunean.
Ondokoa da aurreikusitako egutegia:
- Hilak 17.
– Goikoetxea-Aimar vs Aritz Erkiaga-Etxeko, 20:00etan.
– Arbe-Lopez vs Beskoetxea-Zabala, 21:00etan. - Hilak 24.
– Goikoetxea-Aimar vs Olharan-Del Rio, 20:00etan.
– Arbe-Lopez vs Hormaetxea-Manci, 21:00etan. - Urriak 2.
– Aritz Erkiaga-Etxeto vs Olharan-Del Rio, 20:00etan.
– Beskoetxea-Zabala vs Hormaetxea-Manci, 21:00etan. - Urriak 9.
– Finalerdia, 20:00etan.
– Finalerdia, 21:00etan. - Urriak 15.
– Finala, 20:00etan.
– Partida, 21:00etan.