Abian da 2022ko aurrekontu partizipatiboen prozesua
Aurten ere 1,5 milioi euro jarriko dituzte herritarren eskura, 20 proposamen finalisten artean herri bozketa eginda. Bozketa urriaren 13tik 19ra egingo dute, eta lau bide izango dira.
Irungo Udalak dena prest du 2022ko aurrekontu partizipatiboen prozesua hasteko. Iaz bezala, ezarritako osasun neurri eta murrizketetara eta pandemiaren bilakaerara egokitutako prozesua izango da.
“Udalak herritarren parte hartzearekin duen konpromisoaren erakusgarri da egitasmo hau, eta aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Udalaren beste zerbitzu askotan bezala, pandemiak eragina izan zuen iazko prozesuan, baina 2021ean ekimena berreskuratu nahi dugu, herritarren iradokizunak, proposamenak eta ideiak jasotzeko, hiria hobetzeko asmoz, urtero bezala”, esan du Monica Martinez ordezkariak.
Aurten ere 1,5 milioi euro jarriko dituzte herritarren eskura, 20 proposamen finalisten artean herri bozketa eginda. Bozketa urriaren 13tik 19ra egingo dute, eta lau bide izango dira: saio presentzialak, udalaren webgunea, kalean jarriko dituzten karpak eta hiriko auzo elkarteekin adostutakoa.
Finaleko fasera iritsi arte, datorren astelehenean (hilak 20) lehen saio presentziala egingo dute Palmera Monteron, 19:00etatik aurrera. Hilaren 27an bigarren saio bat egingo dute. Bi saio horietatik sei proposamen pasako dira azken bozketara, beti ere ondorengo betekizunak betetzen badituzte: urtebetean egin ahal izatea, Irungo Udalaren eskumenekoa izatea, teknikoki bideragarriak izatea, ezarritako
aurrekontuaren barruan sartzea eta interes orokorrekoa izatea, hau da, ez pribatua.
Hala, hilaren 21etik 23ra irekia egongo da online bidez ekarpenak jasotzeko prozesua, esteka honetan. Aurre bozketa aldiz, urriaren 1etik 4ra egingo dute, eta zortzi proposamen bozkatuenak finalera pasako dira.
Aipatutako finalisten zerrenda horretan kalean jasoko dituzten beste bost proposamen ere agertuko direla aurreratu du udalak. Horretarako karpak jarriko dituzte hiriko hainbat puntutan. Horietan jasotako proposamenen artean aurre bozketa bat ere egingo da, urriaren 1etik 4ra. Hilaren 21ean San Miguelen jarriko dute; hilaren 22an Artia eta Behobian; hilaren 23an Dunboa eta Arbes inguruan; hilaren 24an Anaka-Ouianan; hilaren 25an Belaskoenean eta hilaren 26an erdialdean.
Gazteen prozesua ere abian
Aurten ere gazteek (16 urtetik 30 urtera bitartekoek) euren proposamenak bidali ahalko dituzte. Guztira, 20 proposamen joango dira finalera.