Sozialistek diote HAPOak ez diela herriak "gaur egun dituen arazoei irtenbidea" ematen
Ostegunean onartu zen HAPOaren inguruan sozialistek diote "hobetu" daitekeela dokumentua, ez dituelako "hiri honen behar guztiak jasotzen".
Sozialistek aurrerapen HAPOari buruz esan dute “Hondarribiak gaur egun dituen arazoei irtenbidea eman” beharko liokeela, eta gaineratu dute, udal gobernuak ostegunean aurkeztutako proposamena “hobetu” daitekeela ez dituelako “hiri honen behar guztiak jasotzen”. Horregatik, abstentzioaren alde bozkatu zutela azaldu du Iosu Alvarez bozeramaileak.
Aurrerapen dokumentua “oso garrantzitsua” dela uste du Alvarezek “gure udalerriaren plangintzarako ezinbesteko tresna” delako. Horregatik, “ulertezina” egiten zaio udal taldeari “presaka aurkeztu izana” eta honako hau erantsi dute: “Are gehiago, azkar izapidetu nahi izatea”.
Alvarezek dio “puntu ahulak” dituela proposamenak, ez duelako “ekonomia dibertsifikatzea aurreikusten”. Erabilera industrialeko lurzoruaren aldeko apustua egiten dute sozialistek; izan ere, beraien hitzetan “ezin gara zerbitzuen hiria izatera mugatu behar”.
Udalerrian etxebizitza eskuratzeko “berebiziko garrantzia” duen erantzunik ez dagoela adierazi dute sozialistek, beraien ustetan horretarako “alokairuko etxebizitza publikoa garatzearen aldeko apustu irmoa” egin behar da.