Ikasturte honetan ere hiriko ikastetxeak egokituko ditu udalak
Iaz bezalaxe, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako neurrietara egokituko dituzte instalazioak. Estalkiez gain, garbiketa eta desinfekzio lanak areagotuko dituzte.
Irungo Udala datorren ikasturtea prestatzen hasi da jada. Iaz bezalaxe, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko jaurlaritzak ezarritako neurrietara egokituko dituzte hiriko ikastetxeak. Patioetan karpak jarriko dituzte segurtasun eta urruntze neurriak betetzen direla bermatzeko, eta garbiketa eta desinfekzio lanak areagotuko dituzte udalak mantendu behar dituen ikastetxeetan.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoekin izandako elkarrizketen esparruan aukeratu dute jarriko dituzten karpa motak, eta ondorengoetan jarriko dituzte: Belaskoenean (HHko eraikinean), Dunboan (LHko eraikinean), Elatzetan (HHko eraikinean), Toki Alain (LHko eraikinean), Eguzkitzan eta Txingudi Ikastolan (LHko eraikinean). Lekaenea izango da estalkirik gabeko ikastetxe bakarra, zuzendaritzaren arabera estalpeko instalazio nahikoak baititu zentroak.
Hezkuntza saileko ordezkari Santi Jimenezen arabera, erabaki hau “beharrezkoa da beste
urte batez, ikastetxeen eskaerei erantzuten baitiegu horrela eta COVID19aren ondorioz
ezarritako segurtasun neurriak errespetatzen jarraitzen baitugu; gainera, aldi berean,
ikasleek gune berriak dituzte ikastetxeetan”.
Iaz bezala, mota eta tamaina bereko karpak jarriko dituzte, Eguzkitzako eta Elatzetako patioetan izan ezik. Eguzkitzan esaterako, 2021eko udan patioa eraberritzea aurreikusten zenez, karpa berriaren neurriak aldatuko dituzte; Elatzetan aldiz, beste kokaleku batean jarriko dute karpa, ikastetxearen beharretara egokitzeko.
Lanen kontratazioa hasi du jada Bide Publikoko sailak, eta orotara, 94.724,66 euroko aurrekontuarekin ekingo diote proiektuari. Udalak beharrezkoa den dirua aurreratuko du, gero Eusko Jaurlaritzak iragarritako diru laguntza deialdian parte hartu ahal izateko.
Garbiketa eta desinfekzio lanak
Aurreko ikasturtean bezala, oraingo honetan ere egunean behin instalazio guztiak garbitu eta desinfektatuko dituzte, eta ardura handiagoa behar duten guneetan maiztasuna handigoa izango dela aurreratu du udalak.