Guztion Alardea: "Zertan aldatzen du Alardearen ospakizuna emakume bat soldaduz jantzita egoteak?"
Alarde Eguna izango zenaren atarian, komunikatua argitaratu du Guztion Alardea taldeak. Emakumeei ospakizunean parte hartzea zergatik debekatu beharko litzatekeen eta jarrera hau zergatik defendatzen den galdetu dute, besteak beste.
Irailaren 8a, Alardearen Eguna izango litzateke, eta aurten ere jai hau ospatuko ez denez, datorren urtean berreskuratzeko “esperantza” du Guztion Alardeak. Hala adierazi du ostiralean argitara eman zuen komunikatuan.
Duela bi urte talde hau sortu zenean eta alardearekiko haien iritzia plazaratu zutenean, Alarde Fundazioaren jarrera “bi desfileen eredua sustatzearen aldekoa” izan dela interpretatu zuten. Jasotako erantzun hau, “Alardearen izaeraren aurka” doala uste dute Guztion Alardeko kideek eta konponbide hau babestuz gero, ea zenbat Alarde sortu beharko liratekeen galdetu dute: “Zenbat alarde sortu behar ditugu bakoitza berearekin gustura egoteko?”
Hondarribiak “ohitura zaharra berreskuratzeko duen” gogoaren borroka “bakoitzak bere aldetik” ez defendatzearen alde agertu dira eta honela argudiatu dute: “Eta are gutxiago, horren funtsa emakumeak bere festetan nahi duen eran parte hartzeko eskubidea debekatzea denean”.
Oharrarekin batera, irudi bat argitaratu dute. Bertan, Kofradia konpainiako trajearekin txilibitua jotzen ageri da emakume bat; “emakumearen parte hartzearen aurkakotasuna azaltzen dutenei” marrazki honi erreparatzeko eta “hausnartzeko” eskatu die taldeak: “Zertan aldatzen du Alardearen ospakizuna emakume bat soldaduz jantzita egoteak? Zergatik debekatu emakumea den herrikide bati Alardean parte hartzea, zuk zure moduan gozatzeko aukera bermatuta daukazunean? Zerk eramaten zaitu horretara?”
Hurrengo urtean berriz Alardea ospatuko delakoan, urte hau gaur egungo egoeratik irteteko baliatu behar lukeela uste du Guztion Alardeak, “herri bezala” eta “denon artean hitz egiten”. Irailaren 8a “banatuta” ospatzen jarraitzen den eta “ezin ikusiak dirauen” bitartean, hondarribiarren arteko “errespetu eta elkarbizitzaz” ezingo dela hitz egin azaldu dute, ez delako “errealitatea izango”.