Arte garaikidea izango da udazkeneko kultur agendako protagonista
Ribera feriak beste urte batez Bidasoa ibai ingurua hartuko du. Hilaren 18an Osinbiribileko bidegorria eta pasealekua zenbait esperientzia artistikoren agertoki bilakatuko dute, "Bidasoa ibaiarekin eta mugaren kontzeptuarekin lotuta, aldi berean gozatu eta ikasteko".
Udazkeneko kultur agendako protagonista arte garaikidea izango da, hilaren 18an helduko baita aurtengo Ribera feria. Seigarren edizioren programa aurkeztu du gaur Junkal Eizagirre Kultura saileko ordezkariak.
Ordezkariaren arabera, aurtengo helburua ere “arte garaikideko proposamenak eta memoria historikoa uztartzea” da, “bai eta uraren kultura ere, hiriko harreman sozialetan duen eragina kontuan hartuta”. Aurten ere askotariko diziplinek txoko bat izango dute.
Ordezkariak gaineratu duenez, iaz bezalaxe, aurtengo edizioa “berrasmatu” behar izan dute, eta aire zabalera eramango dituzte ekintza eta jarduera gehienak. Hilaren 18an egingo dute aurtengoa, Osinbiribileko bidegorria eta pasealekua zenbait esperientzia artistikoren agertoki bilakatu nahi dute, “Bidasoa ibaiarekin eta mugaren kontzeptuarekin lotuta, aldi berean gozatzeko eta ikasteko”.
Aurtengoak, gainera, herritarrei irekitako jarduera ugari eskainiko ditu. Aipatutako pasealekuan eta Santiago kalearen arteko bidegurutzearen azpiko zubitik Artiako kanaleraino doan eremuan egingo dituzte.
Entzutea. Hori izango da aurten artistek landuko duten kontzeptua, Eizagirreren arabera, “pertsonen eta ingurunearen arteko harreman gisa ulertuta”.
Jarduera guztietan partaideak banatuta egongo dira, osasun neurri guztiak errespeta daitezen. Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.
Honakoa da programa osoa:
-
10:00 (Abere ba – BIGARA): Palindromoak ezagutzen hasteko tailer honetan animalien izenekin, hitzarekin, irudiarekin eta ahotsarekin jokatuko dute partaideek, ordubetez.
-
11:00 («ERTZAK», INKO MARTIN): Irrati-performance bat egingo dute. «Ertzak» soinu bidezko fikzio lan bat da, eta soinuan murgiltzeko
bidaia bat eskainiko dio publikoari. Horretarako tresnak ahotsa, zuzenean sortutako soinu-efektuak eta grabazioak izango dira. -
12:00: Natura eta haren dardara paseo gidatua egingo dute Idoia Zabaleta, Sofia Asencio, Chus Dominguez eta Tomas Aragayrekin. Bidasoa ibaiaren ertzetik itsasorako bideraino egingo dute, eta bidean zeha ibiltariei gonbita egingo diete korronte horiek entzuteko, zenbait ahots eta
ikuspunturen arabera. -
13:00: BELARRIZ SU(S)MATU tailerra eskainiko du Maite Arroitajauregik.
- Egun osoan zehar: «Oroimenaren hormak» izenburuarekin, esku-hartze artistiko bat egingo dute saihesbideko zubiaren azpian dagoen horman. Oraingoan, Maialen Arocena eta Jabier Rodriguez izango dira arduradunak.
Ribera bekak
Hilaren 18ko egitarauaz gain, Eizagirrek jakinarazi du aurrera doala Ribera bekaren aurtengo edizioa. Iaz hasi ziren bestelako diziplinetara zabaltzen beka, hala nola, geografiara, nazioarteko harremanetara edo biologiara. Zentzu horretan, aurtengo bekaren emaitzak aurkezteko Amaia Molinet-ek eta Olesya Dronyak-ek Mugaz gaindiko esanahi kulturalak Bidasoa-Txingudin. Bisualtasunaren eta hitzezkoaren artean izeneko proiektua aurkeztuko dute, eta Tamara Cuellarrek eta Felix Martin Camarak, berriz, Larreaundi auzoko belaunaldien arteko kronika: langile-auzo baten atzera begirakoa, Irungo ispilu konkabo bezala.
Urriaren 4ra arte izena eman daiteke Ribera bekan. Orotara, bi beka emango dituzte, 9.000 eurokoa bakoitza, 9 hilabetean egiteko.
Era berean, dagoeneko argitaratu dute 2021eko artistentzako laguntzen deialdia. Programa honen bitartez “sorkuntza artistikoa sustatu eta babestu” nahi du udalak, “interes berezia jarrita mugaz gaindiko parte hartzean”. Horretarako, askotariko diziplinak landu ahalko dira: arte plastikoak, musika, literatura, arte digitala, performanceak, diseinu eta arte grafikoak, argazkilaritza, ikus-entzunezkoak, dantza, antzerkia… Guztira, 6.800 euroko bi laguntza emango dira.