Emakumeentzako ahalduntze ikastaro berriak iragarri dituzte
Abendura bitarte ikastaro ugari antolatu ditu Berdintasun sailak, bost orotara. Bihartik aurrera eman daiteke izena horietan, hilaren 17ra bitarte.
Irungo Udaleko Berdintasun Saila Emakumeentzako Ahalduntze Eskolak hil honetan abiatuko duen ikasturteari begira jarri da jada. 2021eko azken hiruhilekorako ikastaro ugari antolatu dituzte, orotara, bost jarduera izango dira. Aurreko edizioekin alderatuta aurtengoa zertxobait ezberdina izango dela aurreratu du udalak, COVID-19ak eragindako krisialdiari aurre egiteko erakundeen ezarritako segurtasun neurriengatik.
Lehenengo ikastaroa argazkilaritza tailer bat izango da, Zugandik izenekoa, Idoia Telleriaren eskutik. Honen helburua “senarekin (bir)konektatzeko, gainerako emakumeekiko enpatia garatzeko, noren ahotsa entzun eta zaintzeko eta noren gorputza eta emozioak entzunarazi eta azaleratzeko gune bat eskaintzea” izango dela zehaztu dute Berdintasun sailetik. Sakelako telefonoarekin argazkiak ateratzeaz gainera, partaideek euren begirada eta sentimenduak landuko dituzte. Orotara, zortzi saio eskainiko dituzte, hilaren 21etik azaroaren 16ra bitarte, Palmera Monteron. Astearteetan izango dira saioak, 17:30etik 19:30era.
Bigarren ikastaroa Gure aurreko emakumeak titulupean egingo dute, eta Pepa Bojok gidatuko du. Emakumeek gizartean jokatu duten eginkizuna aztertuko dute partaideek, “askotan anonimoa eta ezezaguna izan baita”. Finean, memoria berreskuratzeko ariketa bat egingo dute. Honetan ere zortzi saio eskainiko dituzte, hilaren 27tik 29ra, Palmera Monteron ere bai. Hauek aldiz, astelehenean izango dira, ordutegi berberarekin.
Loratzen ikastaroa izango da datozen hilabeteotan eskainiko duten hirugarrena. Amaia Urieta Garciak eskainiko du, eta partaideek eguneroko bizitzan gertatzen zaizkienak ereintzatzat hartzen ikasiko dute, eta hala, amaieran, “loratzeko eta beren alderdi guztiak baloratzeko prest egongo dira”, saileko kideen arabera. Hamar saiotan banatu dute ikastaroa, hilaren 30etik abenduaren 9ra hain zuzen ere. Saioak ostegunean izango dira.
Azkenik, Emakumeak ahalduntzeko mindfulnessa II ikastaroarekin amaituko dute urte amaierako ahalduntze eskola. Clara Wolframek zuzenduko ditu saioak. Hauetan, noren gorputza eta zailtasunak zeharkatzeko eta haietatik etekina ateratzeko giltzarriak irakatsiko dituzte. Besteak beste, doluak, mendekotasunak eta estresa landuko dituzte. Aurreikusitako zortzi saioak urriaren 19tik abenduaren 14ra bitarte egingo dituzte, astearteetan. Hori bai, azken ikastaro honetan soilik 2021eko martxotik maiatzera bitarteko ikastaroaren lehen atalean parte hartu zuten emakumeek ahalko dute izena eman.
Ikastaro guztiak Irunen erroldatutako emakumeei begirakoak izango dira, eta batean edo betean parte hartu nahi dutenek esteka honetan apuntatu beharko dira, hilaren 3tik 17ra bitartean.
Komunikazio positiboa eta autoestimua
Berdintasun sailak autoestimua handitzen laguntzeko tailer bat ere antolatu du hurrengo hilabeteetarako. Emakumeek jasaten dituzten desberdintasun eta diskriminazio egoeren gaineko kontzientzia handiagoa lortzea du xede ikastaroak. Guztira bi orduko hamahiru saio eskainiko dituzte, hilaren 22tik abenduaren 15era bitarte, asteazken goizetan (10:00etatik 12:00etara). Izen emateak goiko estekan egin beharko dira.