6.600dik gora bisitari jaso ditu uda honetan Oiasso museoak
Azken hiru hilabeteak oparoak izan dira Oiasso Erromatar Museoarentzat. Datuei erreparatuta, ekainean, uztailean eta abuztuan 6.631 bisitari eta erabiltzaile izan dituzte museoaren instalazioek eta bertako jarduerek.
Aurtengo uda oparoa izan da Oiasso Erromatar Museoarentzat. Atzo bertan egin zuten azken hiru hilabeteetako balorazioa. Datuei erreparatuta, ekainean, uztailean eta abuztuan 6.631 bisitari eta erabiltzaile izan dituzte museoaren instalazioek eta bertako jarduerek. Dies Oiassonis jaialdia alde batera utzita, 2014ko udatik eskuratutako daturik onena izan da aurtengoa.
Ezohikoa izan bada ere, aurtengo Dies Oiassonis jaialdia arrakastatsua izan dela ondorioztatu dute museoko kideek. Bestalde, Lokatza historiaren zaindari eta Emakumeak eta gastronomia: euskal sukaldaritzaren transmisioa, erromatar garaitik egungo abangoardiara erakusketek ere bisitari asko erakarri dituzte, 1.709 orotara. Irugurutzeta edo Ama Xantalengo nekropolia bisitatu duten lagunen kopuruak ere gora egin du aurten, %47 zehazki.
Bisitarien jatorriari erreparatuz gero, Espainiako Estatuko turisten kopurua “nabarmen” igo dela ondorioztatu dute, bereziki Madril eta Kataluniatik etorritakoak. Eta bisitarien balorazioa ere oso positiboa izan da museoko kideen arabera, 5 puntuko eskalan 4,6 eman baitiote museoari.
Eskaintza zabala
Hil honetarako ere badu zer eskaini museoak. Datorren asteartean (hilak 7) Camino de Santiago, se hace camino al andar. Historia, arqueologia, arte, leyendas y mitos jacobeos izeneko ikastaroa abiatuko dute. Donejakue bidearen gainekoa izango da, eta historia, artea eta arkeologia landuko ditu, baita ere apostuluaren ustezko hondakinak dauden hilobiaren inguruko mito eta kondairak.
Eskolak hilaren 28tik abenduaren 23ra bitarte eskainiko dituzte, bi txandatan: asteartean 18:00etatik 19:00etara bitartean, eta ostegunetan 11:00etatik 12:00etara. Hamabi saio aurreikusi dituzte txanda bakoitzeko, eta EHUko Historiako doktore Jokin Lanzek eskainiko ditu. Izen emateak 943 639 353 telefono zenbakira deituta egin beharko dira. 65 euroko prezioa du ikastaroak.
Bestalde, hilaren 28tik aurrera ere antzerki tailerretan eta irakurketa dramatizatuen tailerretan izena emateko epea hasiko da, museoaren arabera, “joan den udaberrian arrakasta handia izan baitzuten”. Aipatutako telefono zenbakira deituta egin beharko dira izen emateak.