Bakarrik bizi diren adinekoen isolamendua prebenitzeko programa, abian
75 urtetik gorako irundarren bakardadeari konponbidea emateko iniziatibaren bigarren faseari datozen egunetan ekingo diote.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi du datozen egunetan abian jarriko dela adinekoen isolamendua prebenitzeko aurtengo programaren bigarren fasea. Azken urteotan egin izan den saiakera hori udalerrian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonentzako da nagusiki.
Programa horren bidez, Irungo adineko pertsonei jakinarazten zaie hirian zein zerbitzu eta jarduera egiten diren, Gizarte Ongizate arloko informazio guztia emanez. Aurten, Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako 282 lagunek egin dute bat programarekin.
2020ko balantzea
Iazkoa, pandemiak asko baldintzatutako balantzea izan zela aitortu dute udal arduradunek. Harremanetan jarritakoen artetik, guztira, 38 pertsona elkarrizketatu ahal izan zituzten (30 emakume eta 8 gizon), 22 etxe partikularrean eta 16 Palmera Monteron. Elkarrizketatuen % 47k une horretan beharrak aseta zituzten, %18k narriadura kognitiboa izan zezakeen eta %24k, harreman sozialen falta.