Ingurune Irekia programa Kabia Elkarteak kudeatuko du bi urtez
Iniziatibak 11 urtetik 17ra bitarteko irundarren heziketa eta gizarteratze beharrei erantzutea du asmo, nerabeekin "beren hizkuntza hitz eginez".
Kabia Elkarteari esleitu dio Tokiko Gobernu Batzarrak, 579.000 euroko aurrekontuarekin, bi urterako Ingurune Irekia programaren kontratu berria. 11 urtetik 17ra bitarteko nerabeei laguntzeko eta haiekin esku hartzeko zerbitzu komunitario bezala deskribatu dute saiakera.
Lehenik bi zonaldetan jarri zen abian programa, eta azken urteetan zabaltzen joan da ia hiri osoraino, hiru zonatan banatuta: Mendebaldea (Anaka, San Migel, Antzaran, Pinudi, Urdanibia eta Katea), Erdialdea (Erdialdea, Belaskoenea, Elitxu-Lapitze, Larreaundi eta Olaberria) eta Ekialdea (Arbes, Artia, Behobia, Dunboa, Alde Zaharra, Santiago, Beraun, Meaka eta Ibarla).
Helburua da gazteekin “beren hizkuntza hitz eginez” lan egitea, David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak adierazi duenez. Lortu nahi dena da, funtsean, batetik, zailtasun gehien dituzten nerabeak testuinguru eta baliabide normalizatuetan integratu ahal izatea; eta, bestetik, komunitatearen baliabideak nerabeen beharretara egokitzea.