Laugarren urtez jarraian, Zarauzko bandera etxera
Zarauzko ikurrina lortu du Hondarribiak ondoz-ondoko laugarren urtez. Euskotren Ligari ur berdinetan eman diote amaiera asteburuan.
Hondarribia Arraun Elkarteko traineruek hitzordu bikoitza izan dute asteburuan, Eusko Label ligako gizonek ondoz ondoko laugarren urtez eskuratuz Zarauzko ikurrina. Emakumeen eskifaiak Euskotren Ligaren azken jardunaldia lehiatu du, sailkapenean azken bukatuz, eta KAE 2-n hirugarren da Ama Guadalupekoa.
Zarauzko XLIV. Ikurriña lortzeko norgehiagokari larunbat arratsaldean ekin zioten, lehen sailkatuz hondarribiarrak, eta igande goizean lortutako garaipenarekin laugarren urtez jarraian eskuratu du Hondarribiak Zarauzko bandera.
Mikel Orbañanosen taldeak larunbateko abantaila handiagotu zion igandean Santurtzi Transportes y Gruas Aguadori, Ama Guadalupekoa traineruak puntu bat murriztuz (zortzitik zazpira) Soterak ateratzen dion aldeari sailkapen orokorrean. Bigarren da gaur-gaurkoz Hondarribia.
Hondarribia B-ko ontziak Zarautz Arraun Elkartearen XII. Ikurriña izan zuen jokoan larunbatean, eta ETE Castro Urdiales Hiria sariari (Kantabria, Espainia) aurre egin zion igandean. Lehen estropadan bigarren izan ziren Busturialdearen atzetik, eta atzokoan seigarren. Sailkapen orokorra, hemen.
Emakumeen eskifaia jaitsiera ekiditeko play-offetan lehiatu beharko da irailaren 18an eta 19an, Bizkaian; izan ere, asteburuko bi estropadetan lortutako emaitzak batuta, azken gelditu dira Ama Guadalupekoak ligan.
Larunbateko jardunaldia 17:40ean hasi zen Zarauzko XIII. Ikurriñarekin, eta igandekoa -Euskotren Ligako azkena- 11:30ean. Hondarribia laugarren (azken) eta hirugarren (azkenurren) izan zen, hurrenez hurren, Donostia Arraun Lagunak izanik aurtengo garaile. Azken sailkapena hemen ikus daiteke.
Oarsoaldean lehian ari diren traineruek ere hitzordu bikoitza izan dute asteburuan; emaitzak, hemen.