Migratzaile bat zendu da Bidasoa ibaian
Bi gizon Irundik Biriatura igerian pasatzen saiatzen ari ziren horietako bat ito denean. Harrera Sareak gertatutako salatzeko elkarretaratzera deitu du gaur, eta Jose Antonio Santano alkateak gertakariarengatik «tristura» agertu du.
Gizon migratzaile bat itota zendu zen atzo Bidasoa ibaia Irundik Biriatura gurutzatzen saiatzen ari zenean. Bi migratzailek urera salto egin zuten muga zeharkatzeko helburuarekin, baina horietako bat itota hil zen. Besteak Ipar Euskal Herrian lehorreratzea lortu zuen.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, goizeko 09:45ak inguruan gertatu zen ezbeharra. Lekuko batek bi gizonak Bidasora sartzen ikusi zituen baina horietako bat desagertu zela jabetu zenean haiek laguntzera salto egin zuen. Hala ere, ibaiaren korrontea handia zela-eta ertzera itzuli behar izan zuen gizonak.
Ertzaintzaren helikopteroa, Hondarribiko Gurutze Gorriko eta suhiltzaile parkeko urpekariak, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatea eta herritarren segurtasuna babesteko patruilak bertaratu ziren. Bihotz-biriketako geldialdiarekin aurkitu zuten azkenean gizona eta hura erreanimatzen saiatu arren ezin izan zutela ezer egin zabaldu du Ertzaintzak.
«Politika arrazistak»
Harrera Sareak gogor salatu du gertatutakoa eta Europako Batasuna (EB) eta estatu kideek aplikatutako «migrazio eta kontrol politika arrazistak» egin ditu errudun zuzenak, migratzaile eta errefuxiatuak «bidaiatzeko bide hilgarriak hartzera bultzatzen baitituzte». Hala, dagoeneko «hiru» migratzaile zendu direla Bidasoa ibaiaren inguruetan gogoratu dute Harrera Sareko kideek, «estatuek eta EBk ez baitute errespetatzen migratzaileek eta errefuxiatuek zirkulazio librerako eta bide seguruetarako duten eskubidea».
Ildo horretan, «arduradun asko» daudela adierazi dute, «Atlantikotik gure mugetaraino zabaltzen eta eragiten ari den sarraskiarentzako ardurak partekatuak dira». Hala ere, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak osatutako Erakunde Arteko Mahaiari «ahaleginak areagotu eta harrera duina aplikatzeko» dei egin dio sareak. Era berean, hildako pertsona «lehenbailehen» identifika dezatela eta haren senideak informatu ditzatela eskatu du: «Ez dadila bihurtu izenik gabeko gorpu batean».
Azkenik, elkarretaratzera deitu dute sareko kideek gaur arratsaldean (hilak 9) San Juan plazan, 19:00etan.
«Tristura»
Jose Antonio Santano Irungo alkateak gertatutakoaren inguruko oharra kaleratu zuen atzo. «Tristura» agertu zuen agintariak eta «gure esku dauden baliabide guztiak» eskaini zituen. «Giza drama hau saihesteko» bestelako migrazio politikak eskatu dizkio Santanok EBri.