«Atsekabea» adierazi du Irungo Udalak aho batez
Atzo zendutako migratzailearen heriotzaren harira adierazpen instituzionala kaleratu du Irungo Udalbatza osatzen duten udal talde guztiek.
«Oso atsekabetuta» agertu da Irungo Udala atzo Bidasoa ibaia gurutzatzen bizia galdu zuen migratzailearen heriotzarekin. Udal talde guztiek adierazpen instituzionala plazaratu dute. Gogoratu dutenez, «ibaian gertatzen den bigarren heriotza» da –hirugarren bat urkatuta agertu zen ibaiertzean–. Hala, ondoko puntuak jaso ditu Bozeramaileen Batzordean adierazpenean:
- Udalak tristura eta samina agertzen du, muga etsi-etsian pasa nahi eta bizia arriskuan jartzen duten gazteen egoera latz horren aurrean.
- Babesa, elkartasuna eta maitasuna agertzen die hildako gaztearen senide eta lagunei, eta adierazten die udala prest dagoela behar den guztian laguntzeko.
- Salatu egin nahi du Europak ez duela giza drama hori saihesteko migrazio politikarik, eta azkenean, egoera etsigarriak eraginda, askok bizia arriskuan jarri eta galdu egiten dutela.
- Iragartzen du gaur krespoi beltza jarriko dutela Udaletxeko fatxadan, dolua adierazteko, eta gaur egin behar den elkarretaratzera animatzen ditu herritar guztiak.