Bertiz auto kontzesionarioa lekualdatzeko hitzarmena sinatu dute
Jose Antonio Santano alkateak eta Antxon Bertiz ordezkariak atzo sinatu zuten akordioa; guztira, 3.630 metro koadroko lursaila bereganatu du udalak.

Santano eta Vertiz akordioa izenpetzen.
Azken Portuko hirigintza antolamendurako plana jarraituz, Juan Thalamas Labandibar kalean kokatutako Bertiz auto kontzesionarioa lekuz aldatzeko akordioa sinatu zuten atzo Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Antxon Bertiz ordezkariak. Letxunborro hiribideko 89. zenbakian ezarriko dute ibilgailuen kontzesionario berria.
Zabaldutako informazioaren arabera, eragiketaren emaitza gisa 3.630 metro koadro bereganatu ditu udalak. 1.900 metro koadrotik gorako azalera eraikia du, baina horrek «Azken Portuko kirol ekipamendua handitzea» ahalbidetuko du, baita «gainontzekoa ibaiertzeko espazio libre gisa lehengoratu» ere.
Lursaila hiru jabetzetan banatuta dago, eta atzoko akordioa hiruen artean lehena da. Udalak dioenez, «lursail osoaren % 35aren jabe eta jarduera ekonomikoaren titularrarekin sinatu zen» hitzarmena. Ildo horretan, udalaren balorazioaren arabera, «lursail zati horretako pabiloiaren, lurren eta jardueraren lekualdaketaren balioa 890.685,89 eurokoa da». Joan den apirilean Irungo udal talde politiko guztiek adostuta onartu zuen kreditu aldaketa medio, «lursailaren zati hori erosteko behar duen diru zenbatekoa» izango du udal administrazioak.
Uztailaren 29an kreditu modifikazio bat onartu zuen Irungo Udalbatzak, «eremuaren gainontzeko %55a 988.000 euroan erosteko kontu sail bat bideratzeko. Bitan banatuta dago zati hori, eta akordioa sinatzeko dago oraindik».