Bandera beltza eman diote Irungo Udalari
Ecologistas en Accion-ek eman dio bandera beltza, kudeaketa txarragatik eta Bidasoa-Txingudi estuarioan "presio urbanistiko handiagoa" ezartzeagatik.

Ecologistas en Accion talde ekologistak bandera beltza eman dio Irungo Udalari, Bidasoa-Txingudi estuarioan “kudeaketa txarra” egiteagatik eta “presio urbanistiko handiagoa” ezartzeagatik.
Ecologistas en Accion-en arabera, Irungo Udala presio urbanistiko handia eragiten ari da babestutako inguru horretan, eta “gehiago” egitekotan da. Estuarioa Natura 2000 Sarean sartuta dago Hegaztien Babes Bereziko Eremu gisa —Txingudi HBB— eta Kontserbazio Bereziko Eremu —Txingudi-Bidasoa KBE— izendatuta dago, besteak beste, talde ekologistak gogorarazi duenez.
Horrez gain, KBEren barruan bilduta daude bi habitat: 1130 estuarioa eta 1140 itsasbeheran estalita ez dauden lautada lohitsu edo hareatsuak. Ecologistas en Accionen azaldu duenez, horiek muga egiten dute etxebizitzak eta aparkalekuak egin nahi dituzten eremuarekin, eta dagoeneko “Kontserbazio Egoera desegokian” daudela kontuan hartuta, proiektu urbanistikoa aurrera aterako balitz, “atzera bueltarik ez duen kalte ekologikoa eragingo luke”.

2021ean bandera beltza jaso duten hondartzak, EAEn.
Apirilaren 30ean lurzorua birkalifikatzeko pausoa eman zuen udalak, etxebizitzak eraikitzeko lurzoru bihurtuz, eta horrek bide emango du 200 etxebizitza eta 245 aparkaleku biltzen dituen proiektua aurrera ateratzeko.
Estuarioa aurretik ere presio urbanistiko horren eraginpean dagoela salatu du Ecologistas en Accionek, eta Azken Portukoaz gain, etxebizitza proiektu gehiago dituela eskuartean udalak. Horiek onartuz gero, “habitatak ezingo dira berreskuratu, ezta faunaren egoera hobetu ere”, talde ekologistaren iritziz.
Ecologistas en Accion-ek bandera beltza hondartzarik okerrenei ematen diete, eta Bidasoa ibaiaren bokalea ere tartean dago. Gipuzkoan, Zumaiako hondartzak ere jaso du bandera beltza kutsaduragatik, itsasadarraren dragatzeagatik.