«Sentitzen dugun gaitzespenik, higuinik eta nazkarik handiena adierazi nahi dugu»
Barakaldon eta Gasteizen gertatutako azken eraso matxistak gogor kritikatu ditu M8 Bidasoko Asanblada Feministak: «Terrorismo matxista ez da gelditzen».
M8 Bidasoko Asanblada Feministak Gasteizen eta Barakaldon gertatutako azken erasoak gaitzetsi ditu: «Sentitzen dugun gaitzespenik, higuinik eta nazkarik handiena adierazi nahi dugu». Kideek erantsi dutenez, «terrorismo matxista ez da gelditzen, eta hartzen diren neurriek ez dute gaitz hori geldiarazteko balio».
Gizarte osoak «gaitzetsi» eta «arbuiatu» behar dituela gisa honetako erasoak gaineratu dute feministek, «beste aldera begiratu gabe, ausartak izanik, geldiaraztekotan guztion artean geldiarazi behar baititugu». Azkenik, «erabateko babesa» adierazi diete «biziraun dutenei eta haien familiei».
Zabaldutako informazioaren arabera, bi eraso matxista izan dira azken egunetan Barakaldon: emakume batek bere bikoteak bortxatu izana salatu du batetik, eta bestelako eraso matxistak egin dituelako atxilotu dute gizon bat, bestetik. Gasteizen, bestalde, emakume baten aurkako bortxaketa saioa salatu du aste honetan Gasteizko Ikusgune LGTBI+fobiaren kontrako Behatokiak.