[Erreportajea] Tximeletaren ihes gela bihurtuko dute gaur liburutegia
Aurtengo bigarren ihes gela antolatu dute gaur arratsalderako liburutegian. Esparru «ludikoa» bultzatzea eta liburutegian konplexurik gabe mugitzea dira halako jardueren helburu nagusiak.
Tximeleta batek ihes egin du Hondarribiko Zuloaga Etxea Udal Liburutegian. Non ote dagoen jakiteko scape room edo ihes gela bihurtuko dute gaur arratsaldean zehar udal eraikina. Ihes egin ez dezan, ateak itxi eta hainbat pista eta klabe jasoko dituzte parte hartzaileek haren ezkutalekuarekin jo dezaten.
Liburutegiak aurten antolatzen duen bigarren ihes gela izango da gaurkoa. Apirila bukaeran egin zuten lehena, eta «erabat arrakastatsua» izan zenez, beste saio bat egitea erabaki dute. Nekane Barandiaran bertako langileak azaldu duenez, liburutegiak berez eskaintzen duen esparru didaktikoaz gain, «alde ludikoa» bultzatzea ere da xedea.
Xehetasunak
Txiki eta gaztetxoei zuzenduta dago ihes gela. 13 urtera artekoentzat egoki ikusi du ihes gela Barandiaranek, nahiz eta 9 urtez azpikoek heldu batekin joan beharko dute. Liburutegian barrena «erreparorik» gabe mugitzen ikastea eta dauden funts ezberdinekin «ohitzea» helburu nagusiak izateaz gain, 12 urtetik gorako gaztetxoen presentzia ere bermatu nahi dute. Izan ere, 11 urtetik aurrera liburutegira joateari uzten diotela azaldu du Barandiaranek, eta bi arrazoi nagusi aipatu ditu: «eskaintza txikia» batetik, eta adin batetik aurrera duten «kale beharra eta talde sentimendua», bestetik.
Liburutegia herritarrena dela azaleratzeko antolatzen dute jarduera sorta, urte osoan zehar. Aurtengo uda ezberdina izaten ari dela onartu du eta hainbat gauza bertan behera utzi behar izan dituzte. Hala ere, jendearekin harremana «oso garrantzitsua» eta bi norabideetan ematen dela goraipatu du: «Gu goaz, zuek etortzen zarete; guk ematen dizuegu, baina zuek ere ematen diguzue».