[Elkarrizketa] "Ez da heriotza bukaera gisa, hasiera bezala baizik"
Heriotzaz eta bizitzaz gogoetatuz ‘Denboraren haria’ erakusketa abiatu du Oskozek. Tiraderak «ordenatzen» lagundu dio lanketak, «bakea» hartzen. Onartu duenez, orain arteko lanik «intimoena» da.
‘Denboraren haria’ izenpeko erakusketa ikusgai jarri duzu Mentxu Gal aretoan. Zein da lanaren abiapuntua?
Abiapuntua denboraren haria izan zen eta hortik abiatuta bizitza nola den kontatzea. Zehazki, heriotzatik nola jarraitzen dugun bizitza hartu nuen abiapuntutzat. Aretoak bi gela ditu: handian dago Denboraren haria, eta txikian, Memoriaren liburutegia. Lehena segida bat da eta orain bukaera posible bat eman diot, nahiz eta luze jarraitu nezakeen. Bi zati dira, beraz; alde batetik, haria eta bestetik, denbora. Modu batean nire familiarekiko hariak lotzen ari nintzen. Nire amona bizitzaren azken momentu horietan zegoela-eta bera hartu nuen abiapuntutzat. Denbora hori landu nahi nuen eta horrek bizitzan uzten dituen estelak islatu. Memoria, oroitzapenak, sekretuak… uztartzen ditu erakusketak. Lehen lana egin nuena Denboraren joana izenekoa izan zen, eta ondoren heriotza irudikatu nuen, heriotza etorri zelako azkenean, eta hortik gainontzeko obra abiatu nuen.
Horrez gain, denbora neutro bat egin nahi nuen zeinetan iragana, oraina eta etorkizuna momentu batean nahasten ziren: izan garenarekin zeintzuk gara eta nora goazen. Hortaz, aretoan bertan denbora igarotzen jarraitzea ere nahi nuen. Nahiz eta leku itxi batean egon, denbora beti doa aurrera. Horretarako muntaketa borobil bat bezala egin genuen, non heriotzan hasten zaren, bizitzan jarraitzen duzun, eta azkenik prozesua bukatzen duzun. Hasi eta buka. Alegia, bizitzaren zirkulua irudikatzen du. Beraz, berdin du nondik hasi, denok leku berean bukatuko dugulako. Finean, bizitzaren zikloa irudikatu nahi izan dut.
Lan guztia egin dut nire senideen objektuekin, gure artean hari hori berreskuratu nahi nuelako. Objektuez gain, zianotipiak ere daude. Luis Calaviak egin zituen eta nik manipulatu egin nituen. Denboraren harian, esentzian, etxe bat islatu nahi nuen, uste dudalako etxe batean argi ikusten dela zer-nolako bizitza dagoen familia horretan. Hortaz, irudikatu ditut sarrera, sukaldea, egongela, armairuak… Dena doa pixka bat objektuekiko dugun atxikimendu horri lotuta, nola gauzak tiraderetan gordetzen ditugun oroitzapenengatik…
Eta ‘Memoriaren liburutegia’-n zer aurkitu dezake bisitariak?
Objetuekin egindako lehenengo lanak daude —2012tik 2019ra bitartekoak— eta nire marrazki koaderno guztiak, 2007tik 2020era. Areto txiki horretan lan ibilbide bat ikusten da. 2012ko lan horiek eta 2018-2019koak nolako lotura duten denbora hari honetan kokatu dut.
Koaderno horien artean ezberdintasun handia dago urtetik urtera?
Sorpresa hartu dut, bai. 2012ko eta 2019ko lan batzuk ikusi ditut eta kristoren lotura zuten, baina teknikoki aurrerapen bat zuten. 10 urte daramadala hari berean lanean ulertzen dut horrekin.
Barrura begirako bat egin duzu. Begirada horrek nora eraman zaitu?
Nire tiraderak ordenatu ditut eta nire burua heriotzarekiko beldurraren inguruan kokatu dut. Tiradera ordenatu dut, apaindu, eta nire burua beste leku batean kokatu dut iragana, oraina eta etorkizunari begira.
Sentimendu ugariri aurre egitea suposatzen du horrek. Erraza izan da lanketa?
Bakean gelditu naiz egia esan. Kontuan izan abiapuntuaz hitz egin dugunean, familiarentzat oso garrantzitsua zela matriarka galdu genuelako. Hari bat eten zen baina beste batek jarraitu zuen; guk hemen jarraitu genuen. Familiako kideak hor kokatzea polita izan dela uste dut, eta hortik denak beste momentu batera abiatu gara. Izan ere, bera bere sekretu guztiekin joan zen eta guk gure oroitzapenekin aurrera egin genuen, beraz, gu beste leku batean ginen.
Heriotzarekiko beldurra landu duzu erakusketan. Nolakoa izan da prozesua?
Prozesuak atal asko izan ditu. Iragana eta oraina kokatuak nituen, baina ez etorkizuna. Hori geroago kokatu nuen. Mentxu Gal aretoan erakusteko proposamena kristoren sorpresa izan zen, eta horri esker ahal izan nuen lan guztia ordenatu eta dena jarraian ikusi.
Iragana eta oraina hor daude, baina etorkizuna?
Dakigun gauza bakarra da hilko garela. Islak lanean atzetik etortzen zaiguna ikusten dugu, eta horrek ‘Nora goaz?’ galderari erantzun nahi dio.
Eta heriotzaren ondoren?
Bizitza berriro.
Zalantzarik gabe esan duzu.
Hori da zirkulua.
Bildutako hainbat artelan hasi eta utzi zenituen, eta berreskuratu. Sortze prozesuan denboraren haria ere eten da?
Bai, eten da, baina denborak beste modu batera jarraitu du. Geroago berreskuratu nuen hari hori eta ikusi nuen nola jarraitzen duen denboran zehar. Gainera, heriotza ez-fisikoei buruz ere hitz egin nahi nuen. Adibidez, konfinamenduan gauza asko hautsi ziren eta itzuli ziren. Nik esaterako tailer berri batera leku aldaketa egin nuen. Bukaera batek nola hasiera bat ere ematen duen adierazi nahi nuen. Ez da heriotza bukaera gisa, hasiera bezala baizik.
Esparru pertsonalak pisu handia dauka bilduma honetan.
Bai, pisu handia dauka hari hori nire gertukoen artean berreskuratu behar izan nuelako. Gainera oso aukera polita izan da Mentxu Galen jartzea nire familia Irungoa delako. Haiei oparitu diet erakusketa. Areto hori leku aproposena izan da.
Nola hartu dute erakusten ari zaren lan hau zure senideek?
Ondo, kontent daude. Ikusi eta azalpenak jasotzerakoan ulertu dute. Azken finean, etxea muntatu dugu eta denontzat oso ezaguna da. Noski, gai batzuk oso unibertsalak dira baina nire ingurukoentzat oso gertukoa da objektuak ezagutzen dituztelako. Oso argi ikusi dute eta segituan kokatu dute haien burua erakusketan.
Aiton-amonez harago, zenbat hari daude berreskuratzeko?
Nik uste dut hari bera dela denbora guztian baina korapiloak dituela. Nik batzuk askatu ditut eta jarraipena eman diot.
Prozesu horrek eragina dauka?
Bai, denontzat. Bizitako guztiaren emaitza zara. Korapilo bat ez baduzu gainditzen, ez zara hurrengora iritsiko. Kontua da nola josten ditugun tarte horiek.
Orain arte prestatutako erakusketen artean tankera honetako lehen lana da?
Bai eta ez. Ia jende guztiak ezagutzen dit margoarekin egin dudan lanengatik, baina nik lan hau prest neukan. Ordenatzen hasi nintzenean konturatu nintzen, aurretik ari nintzela objektuekin lan egiten, baita heriotzari eta memoriari buruz hitz egiten ari nintzela ere. Esan dezakegu 10 urteko lan horri buruzko bilduma bat dela erakusketa. Orduan nire buruari esan nion: ‘Artean ausarta izan bazara oraingoan ere ausarta izango zara, lan hau aterako duzu, hau delako Ainara Oskozen lanik intimoena’.
Zerbaitek bultzada eman dizu bilduma hau jendaurrean erakustera?
Bai, kristoren oparia izan da. Ez nuen espero inondik inora. Hasiera batean, margolan batengatik deitu zidaten, baina emandako aukera kontuan izanda, beste zerbait ateratzea erabaki nuen.
Objektuekiko atxikimendua aipatu duzu. Zergatik landu duzu hori?
Objektuekiko atxikimendua landu nahi nuen. Zenbat gauza gordetzen ditugu oroitzapenengatik? Zuk katilu bat gorde dezakezu bidaia baten oroitzapena dakarkizulako, baina zer gertatzen da hausten bada? Oroitzapena gordetzen duzu, baina lotura jada ez dago.
Ezustekorik hartu duzu zuk bide horretan?
Ezustekorik ez dakit, baina objektuekiko lotura hori hausteko lan bat bai egin dudala. Hain zuzen, objektu horri beste bizitza bat ematen hautsi dut. Objektuak nire lotura hari horretatik atera, artelan bat egin eta oroitzapena gorde dut. Erraza izan da haustura hori egitea. Nire haria lantzen ari nintzenez, nire bidea jarraitzen ari nintzen, eta bide horretatik eramaten ninduen denbora guztian.
Artelan tasazioetan lan egin duzu. Lan mota horrek ere denborarekin hari bat dauka.
Bai, dena pixka bat lotuta dagoela dirudi. Eta Memoriaren liburutegia-n dauden lanek zerikusia dute tasazioetan lan egiten nuen garai horrekin, antigoaleko gauzekin. Hori lehen dolu bat izan zela esan dezakegu, orain dela hamar urte egindakoa, eta gero, honaino ekarri nau prozesuak.
Erakusketan dauden artelanen artean zein da garrantzitsuena zuretzako?
Niretzako dena. Esan dudan bezala dena ordenatu dudanez orain dena argi ikusten dut, dena plano berean.
Erakusketako objektu batzuk bizirik daude, nola?
Nahiz eta aretoa itxita egon, argirik gabe, denbora aurrera doala irudikatu nahi nuen. Hainbat objektu bizirik daude, eta beste batzuk, aldiz, mugimendua dute. Denborarekin zerikusia dute, denbora beti mugitzen ari delako.