"Pertsonen trafikoak gure gizartetik desagertu behar du"
Bihar, Pertsonen Trafikoaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, Irungo Udalak oinarrizko eskubideen urraketa dela gogorarazi du.

Uztailaren 30ean izaten da Pertsonen Trafikoaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Biharko egunaren harira, udalak adierazpen batzuk egin ditu. “Esplotazio sexualak eta pertsonen trafikoak gure gizartetik desagertu behar dute”, esan du Rebeca Gonzalez Giza Eskubideen ordezkariak.
Gonzalezek gogorarazi duenez, “XXI. mendeko esklabotzatzat” hartzen den “gaitza” da. “Delitu larri eta giza eskubideen urraketa bat” dela gaineratu du, eta urtero milaka emakume, gizon eta haurrek pairatzen dutela.
Zehazki, mehatxua, indarkeria, bahiketa, iruzurra edo engainua erabiliz, botereaz edo beste zaurgarritasun egoera batzuez abusatuz pertsonak esplotaziorako erakarri, garraiatu, lekualdatu eta hartzea da pertsonen trafikoa.
UNODC Nazio Batuen Drogaren eta Delituaren kontrako Bulegoak pertsonen trafikoari aurrea hartu eta hura erreprimitu eta zigortzeko protokoloa aplikatzeko estatuei laguntza eskatu diela azaldu du Gonzalezek.
Halako egoerak saihesteko edo behin gertatuz gero, gizakien esplotazio sexualerako trafikoaren kontrako plana dago indarrean. Biktimentzako laguntza eta babesa, sare kriminalen eta delituaren kontrako borroka eta prebentzioa, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa biltzen ditu.