Memoria historikoaren bulegoa izango du Irunek
36ko gerrako eta diktadurako familiei aholkularitza ematea eta garaiko dokumentuak eta objektuak biltzea izango da bulegoaren ardura.
Memoria historikoaren bulegoa aurkeztu dute Irunen. Oraindik, ez dago zabalik, baina irailaren 13tik aurrera, erabili ahal izango da. Udal artxibategian kokatuta egongo da, eta helburu nagusia, 36ko gerrako eta diktadura frankistaren biktimei aholkularitza ematea izango da. Horrez gain, garai hartako dokumentu eta objektuak ere bilduko ditu bulegoak.
Gaur aurkeztu dute bulegoa Miguel Angel Paez alkateordeak, Santi Jimenez Memoria Historikoko ordezkariak eta Aitzol Arroyo arlo horretako teknikari berriak. Horien arabera, udalak hirian memoria historikoa sustatzeko duen “konpromiso irmoari” erantzuten dio egitasmo horrek, eta “erreferentzia” izan nahi du, hirian arlo horrekin lotutako proiektuentzat.
Hain zuzen, udalak teknikari bat kontratatu du Espainiako gerra eta ondorengo diktadura aldiaren Irungo memoria kolektiboa berreskuratzeko. Memoria historikoa bultzatzeaz arduratuko da, eta berak gauzatuko ditu proiektuarekin lotutako lanak.
Jimenezek memoria gordeatzearen garrantzia nabarmendu du, eta frankismoaren biktimak aitortzea agintarien betebeharra dela gaineratu du. Paezek, berriz, udalak “40 urteko diktadura eta inposizioaren ondorioak sufritu zituzten memoria demokratikoa erreparatzeko konpromisoa” gauzatu duela esan du. Familiek pairatu zutena “justizian, oroimenean eta memorian” oinarrituta erreparatu nahi dutela erantsi du.
Arroyok, berriz, bulegoaren lanaren nondik norakoak azaldu ditu: “Frankismoaren biktimen
testigantzak grabatzea eta biltzeaz gain, biktimen familiei aholku emango die, Buenos Airesko Epaitegi Nazionalak irekitako auziarekin bat egin dezaten”. Horrez gain, datozen hilabeteetan hainbat ekitaldi izango direla aurreratu du.
Bulegora joateko, aurretik, izena eman beharko da 010 edota 943 50 51 52 telefono zenbakietan.