Hondarribiarrek egindako ekarpena eskertu du AECC Gipuzkoak
Urteroko diru-bilketa egin zuen minbiziaren aurkako elkarteak joan den igandean, Hondarribiko puntu ezberdinetan; 2.000 eurotik gora bildu zituzten boluntarioek.
Eskerrak eman dizkie AECC Gipuzkoa elkarteak hondarribiarrei joan den igandean erakutsitako jarreragatik. Minbiziaren aurkako taldeak diru-bilketa egin zuen Hondarribiko puntu ezberdinetan, eta guztira, 2.385,50 euro bildu zituztela ezagutarazi dute.
Dozena bat boluntariok parte hartu zuten herrian zehar banatutako bost bilketa gunetan. Urteroko diru-bilketa izan zen igandekoa, eta horri esker, “AECC Gipuzkoak ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen jarraituko du, baita gaixoei eta haien senideei babesa eta laguntza emateko programak bideratzen ere zein gaixotasuna modu goiztiarrean detektatzeko eta prebenitzeko kanpainetan esku hartzen”.
Taldekideek gogoratu dutenez, “AECCren zerbitzu guztiak doakoak dira, eta, beraz,
diru-bilketak bezalako iniziatibak ezinbestekoak dira lanean jarraitu ahal izateko”.