Butroi pasealekuan egingo dute aurtengo Summer Market
Hondarribiko hamalau saltoki kalera aterako dira euren produktuak saltzera; abuztuaren 7an eta 8an egingo dute udako azoka, egun osoz.
Abuztuaren 7an eta 8an egingo dute 2021.urteko Hondarribia Summer Market. Butroi pasealekuan egingo dute aurtengoa, San Pedro kaleak eragindako zarata «arintzeko» helburuarekin. Azokaren berri eman dute gaur goizean Maria Serrano Hondarribiko Udaleko Merkataritza zinegotziak eta Sonia Herce Amuitz merkatarien elkarteko kideak.
Egun osoz aterako dituzte saltokiak kalera Hondarribiko hamalau merkatarik asteburu batez. Zehaztu dutenez, 11:00etatik 20:00etara jarriko dituzte postuak, eta besteak beste, arropa, osagarriak, bizikletak, gozokiak… aurkitzeko aukera izango dute bisitariek. Horrez gain, umeentzako tailerrak aurrera eramango dituzte Arraunlari jatetxearen inguruan. Eskulanak eta bestelako aisialdi jarduerak garatuko dituzte bertan. Izena emateko interesa duten lagunek postuetan egitearekin nahikoa dute . Serranok erantsi duenez, azokan zerbait erosten duten lagunek zozketa batean parte hartzeko aukera ere izango dute.
Egoera «arintzea»
Pandemiak eragindako testuinguruari erreparatuta, tokiko merkataritza sustatzeko abiatzen diren ekintza guztiei «positiboak» iritzi die Hercek aurkezpenean. «Ahal den jende gehien erakartzen badu, primeran», erantsi du. Hori horrela, jakitun dira merkatariak ez dela orain dela bi urtekoa bezain «ona» izango, baina «esperantza badugu ea jendea mugitzen den eta salmentak igotzerik dugun».
Ildo horretan, aurtengo denboraldia «ahul» hasi dela onartu du merkatariak, eta erantsi duenez, «eguraldiak ez du gehiegi lagundu». Establezimendu guztietan egoera bera bizi ez arren, orokorrean, «jendeak ez duela lehen bezain beste erosten» uste du Hercek. Bertakoen zein bisitarien parte hartzea espero dutela bukatu du.