KIima aldaketaren kontrako planaren lehen ekintzak aurkeztu ditu udalak
EJKEP Energia Jasangarriaren eta Klimaren aldeko Ekintza Planaren diagnostikoaren arabera, 2007tik 2019ra %16 jaitsi dira berotegi efektuko gasen isuriak.
Irungo Udalak EJKEP Energia Jasangarriaren eta Klimaren aldeko Ekintza Planaren diagnostikoa eta lehen lan ildoak aurkeztu ditu. Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariaren arabera, EJKEPren diagnostikoak ekintza planaren “ibilbide orria” markatuko die, hura idazketa fasean baitago.
Udalak diagnostiko horretatik ondorioztatu du berotegi efektua duten gasen isuria murrizteko dinamika “ona” dela, 2007tik 2019ra %16 murriztu baitziren. Isurketen %67 garraioaren sektoreak eragiten du. Udalerriko emisio guztien %2 dira udalarenak: udal ekipamendu eta instalazioak –% 27 jaitsi dira–argiteria publikoa eta udal flota).
Ekintza planaren lehen ildoei dagokienez, bi multzotan banatuko dituzte: berotegi efektuko gasak murriztekoak eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzekoak. Lehenengoei dagokienez, 29 jarduera aurreikusten dira, bederatzi sektoretan: udal-eraikinak, argiteria publikoa, etxebizitzak eta hirugarren sektorea, udalaren garraio-flota, garraio publikoa, garraio pribatua, ekoizpen berriztagarria, industria eta hondakinak. Klima aldaketaren ondorioetan egokitzeko, berriz, hamasei jarduera egingo dituzte, zazpi sektoretan: ura, nekazaritza eta basogintza, ingurumena eta biodibertsitatea, hirigintzako plangintza, babes zibila eta larrialdiak, osasuna eta turismoa.
Ekintza plan horretan pobrezia energetikoa bezalako alderdi berriak erantsiko dituzte.
Era berean, Jasangarritasun Energetikoaren Komisioa aurkeztu zuten. Parte hartze organo berria izango da, eta egungo Mugikortasun Mahaia ordezkatuko du.
Korpromisoak gauzatzeko tresna
Olazabalen esanetan, “datozen urteetan klima aldaketaren aurrean udalak hartu beharreko konpromisoak gauzatzeko tresna” izango da EJKEP. Gaineratu duenez, dagoeneko agerikoak dira klima aldaketaren ondorioak, eta “gizarte gisa dugun erantzukizuna” ezin dela alde batera utzi gaineratu du.
Hurrengo urratsak, berriz, ekintza planaren idazketan aurrera egitea izango dela azaldu du Olazabalek: “Irun posizio onean iritsi da EJKEP izena duen inflexio-puntu honetara, baina jarraitu beharra dago. Gure ibilbide orrian, neurriak hartuz jarraitu behar dugu, CO2-emisioak murrizten, energia-
eraginkortasunean aurrera egiten eta mugikortasun jasangarria izaten, besteak beste”.