[Erreportajea] Hiruarantza desager ez dadin
Egun, mehatxatutako espezieen katalogoan dago arrain hiruarantza. Gizakiaren eraginez gal ez dadin, Foru Aldundia espezie hori birpopulatzen ari da Hondarribian.
Kantauri itsasoan, kostaldean, desagertzen ari da arrain hiruarantza, eta Gipuzkoa osoan eremu jakin batzuetan baino ez dago jada espezie hori, Hondarribiko Jaizubia errekaren arroan, esaterako. Mehatxatutako espezieen katalogoan babestuta dago hiruarantza, eta “kalteberen kategorian” sailkatuta daukate, gainera. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak zazpiehun ale askatu berri ditu Hondarribian, eta uda ostean eremu berean beste 2.500 askatzea aurreikusita daukate.
“Klima aldaketa eta gizakiaren esku hartzea” dira arrain txiki horren mehatxurik handienak; hala azaldu du Aitor Lekuona Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalia eta Landareen zerbitzuko eta Ibai Inguruetako goi teknikariak: “Gure herri eta hiriak padurak baliatuta handitu dituzte, hein handi batean, eta arrain hiruarantzarentzat ezinbestekoa den habitata desagertu egin da, ondorioz”. Orain arrain espezie horren “metapopulazioak” daudela azaldu du Lekuonak, “mikropopulazioak” direla, eta ez dagoela argi euren artean komunikaziorik badagoen edo ez.
Oso arrain txikia da hiruarantza, 5-6 zentimetro luzekoa gehienez, eta errekasto txiki eta paduretan bizi da, landaredia itxiaren artean. “Txikia da, baina oso gogorra, eta berezitasun asko ditu: ordu batzuetan berdin moldatzen da ur gezetan zein gazitan, eta hori ez da batere ohikoa; anadromoa da”. Lekuonak esan du ez dela erraza arrain espezie hori aurkitzea, eta erreprodukziorako paduretara igotzen dela gaineratu du. Gutxi bizi izaten da, “bi urte, gehienez”. Nahikoa zapala da, eta ezkaten ordez armadura moduko bat du; izenak berak zehazten duen moduan, arantzak ditu goialdean eta alboetan. Lekuonak azpimarratu du etologian —animalien psikologian— asko erabili izan dela arrain espezie hori: “Ingurua babestu zalea da, arra borrokatu egiten da emeak erakartzeko, eta ugalketa garaian gorritu egiten da arra”. Portaeran ere “nahiko berezia” da arrain hiruarantza: “Arrak egiten du habia, hark bideratzen du emea habiara, eta berak zaintzen ditu arrautzak, baita jaioberriak ere. Nahikoa jokaera modernoa duela esan daiteke”.
Espeziea desagertzeko arriskuaren aurrean, errekastoz errekasto lan zehatza egin zuten duela sei urte. “Habitata suntsitzea da arazo nagusia, eta garrantzitsua zen arraina non zegoen zehaztea, hura babestu ahal izateko”. Gaur egun, kartografiatuta daukate espeziearen kokapena, eta, eremu horietan lanak egin behar badituzte, espeziea babesteko neurri bereziak hartzen dituzte. Lekuonak ez du zalantzarik: “Gizakia da mehatxua hiruarantzarentzat”. Duela lau urte, berriz, “nahikoa eroa” zen ideia bat otu zitzaiela kontatu du teknikariak: “Arrain hiruarantzaren erreprodukzio saiakera egitea”. Aldundiak Irunen duen haztegian egin dute lan hori; izokinaren erreprodukzioa egiten dute bertan. Ez ziren hutsetik hasi, dena den; Katalunian izan ziren, Ebro ibaiaren deltan: “Mehatxatutako arrain txikiekin lan egiten dute han, baita hiruarantzarekin ere. Goiz bakarrean gauza pila bat ikasita itzuli ginen”. Jaizubiara joan, hiruarantza ale batzuk hartu eta Irungo haztegira eraman zituztela kontatu du Lekuonak. “Bizirik mantentzea izan zen lehen helburua. Saiakera askoren ostean, lortu genuen haztegian erreproduzitzea”.
Arrain hiruarantza aleak askatuta espezieari “arnasa apur bat” ematea lortuko badute ere, bidea “beste bat” dela argitu du Lekuonak: “Arrainaren habitata suntsitu dugulako heldu gara egoera honetara; habitat horiek lehengoratzea da gakoa, ezinbestean, padurak galdutako lurrak berreskuratzea. Baratzeak, adibidez, egin daitezke beste eremu batzuetan. Padurak ez, padurek beren lekuan behar dute”.
Erritmo naturala hautsita
Arrain hiruarantza desagertzeak zer ondorio izan ditzakeen aurreikustea zaila dela dio aldundiko teknikariak: “Oso sistema konplexuak dira ekosistemak, eta hamaika arrain, ugaztun, landare… daude bakoitzean. Horien arteko harremanak zientziak ez ditu erabat ulertzen. Ez dago esaterik espezie bat desagertzeak zer ondorio izango dituen”. Lurraren historian espezieak beti sortu eta desagertu izan direla gaineratu du Lekuonak. “Baina halako erritmo natural batean, milaka milioika urtean. Industria iraultzatik hona, baina, desagertze masiboa eragiten ari da gizakia. Kontu etikoa ere bada, beraz; gu duela lau egun heldu ginen hona, eta ikaragarria da guk milaka espezie desagerraraztea”.
Espeziearen tamainak, “tamalez”, axola duela erantsi du teknikariak. “Jendeak enpatia handiagoa du panda hartzarekin edo katamotzarekin. Hain arrain txikia ikusita, ez da gauza bera gertatzen”. Lekuonak aukera bat eskatu du hiruarantzarentzat, “benetan arrain interesgarria baita”.