[Erreportajea] Gitarra klasikoa lau haizetara entzungai asteburuan
XIX. Hondarribia-Peniscola Nazioarteko Jaialdiak hari doinuak hedatuko ditu beste urte batez. Gitarra klasikoa oinarritzat hartuta, «erritmo oso ezberdinak» proposatuko ditu festibalak.
XIX. Hondarribia-Peniscola Nazioarteko Gitarra Jaialdiak hari doinuak lau haizetara zabalduko ditu datozen egunotan zehar. Atzo hasi eta igandera bitartean luzatuko dira emanaldiak Itsas Etxea Auditoriumean nagusiki, nahiz eta beste bi oholtza ere bisitatuko dituen festibalak: bata, Hondarribiko Turismo Paradorea, eta bestea, Irungo Oiasso Erromatar Museoa. Pandemiari egokitutako jaialdia izango da aurtengoa ezinbestean, pertsonen edukiera murrizketa eta neurri bereziez lagunduta.
Carles Pons i Altes da jaialdiko zuzendari artistikoa. «Erritmo oso ezberdinak» proposatuko dizkiola festibalak entzuleei adierazi du, betiere, gitarra klasikoa instrumentu «nagusitzat» hartuta. Ildo horretan, atzo jaialdia zabaldu zuen Carmen Becerra musikari eta irakasleak «entzuteko erraza eta atsegina» den errepertorioa aurkeztu zuela azaldu du. Erantsi duenez, gaurkoan, Musicantes laukotearen eskutik antzinako eta Erdi Aroko musika nagusituko da: «Oso animatua da; erritmo handia du. Publikoari oinak mugituko zaizkiola uste dut».
Bihar hitzordu bikoitza izango dute gitarra doinuek: eguerdian, Luciano Pompilioren emanaldia izango da Irungo Oiasso Museoan, eta arratsaldean, Duo Dibelo-Gil bikotea ariko da Itsas Etxeko oholtza gainean. Zuzendariak azaldu duenez, Astor Piazzollari omenaldia eskainiko dio bikoteak. «Tangoaren hedapena bultzatu zuen musikari garrantzitsuenetarikoari, hain zuzen».
Azkenik, The Early Guitar Duo bikotearen kontzertua entzuteko aukera izango da etzi, igandearekin, Turismo Paradorean. «XIX. mende hasierako gitarra imitatuko dute. Garai hartan, Mozart, Beethoven eta beste hainbaten hit ospetsuenak gitarra aurre-erromantikoarekin jotzeko moldatzen zituzten», esplikatu du Ponsek.
Hori horrela, soka doinu klasikoak hedatuko dira egunotan Hondarribian. Peniscolan (Castello, Herrialde Katalanak) abuztua bukaeran egingo dituzte 19. gitarra jaialdiarekin lotutako emanaldiak. Festibalaren helburuetako bat «bi hirien arteko ahaidetasuna» mantentzea dela gogorarazi du Ponsek. Datorren ekitaldiko 20. urteurrena «ilusio handiz» itxoiten duela ere onartu du.