Minbiziaren aurkako diru bilketa egingo du AECC Gipuzkoak
Hilaren 25ean, igandearekin, finkatu dute horretarako hitzordua; Hondarribiko gune ezberdinetan egongo dira minbiziaren aurkako elkarteko boluntarioak.
Minbiziaren aurkako diru bilketa egingo du AECC Gipuzkoak hilaren 25ean, igandearekin, Hondarribian. Gune ezberdinetan aurrera eramango dute bilketa minbiziaren aurkako elkarteko kideek, “minbiziak jotako gaixoei eta haien senideei doako zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko”.
Hala, 10:00etan ekingo diote diru bilketari. Arma plazan, Sokoan eta Matxin Arzu kalean 13:30ak arte egongo dira boluntarioak, eta San Pedro kalean eta Butroi pasealekuan, aldiz, 15:00ak bitartean. Elkartekideek gogorarazi dutenez, “ez dago berdintasunik minbiziari aurre egiteko orduan”. Hala, “gaixotasuna berdina da guztientzat, baina pertsona guztiak ez dira berdinak minbiziaren aurrean”.
Dohaintza egin nahi duten interesdunentzat beste bi aukera ere abiarazi dituela ezagutarazi du elkarteak, bata Internet bidez dohaintza egiteko, eta bestea, itsulapiko baten bidez laguntzeko [bi helbideak gazteleraz daude].
Egun, Irunen eta Hondarribian, 1.542 bazkide dituela elkarteak gogorarazi dute; baita 2020an 78 gaixoei eta 48 senideei laguntza eman zietela ere. Horrez gain, laguntza psikologikorako 607 saio, izaera sozialeko 654 esku hartze, eta ortopediarako materiala eskuratzeko 71 mailegu burutu zituztela nabarmendu dute kideek.