Hondarribiko bi traineru, Euskadiko Txapelketaren bila gaur
Gizonen eta emakumeen 'Ama Guadalupekoa' ontziak txapelaren bila joango dira Lekeition. Oarsoaldeko ordezkari bakarra San Pedro da.
Gaur jokatuko da Lekeition Euskadiko Traineru Txapelketa, 18:00etan hasita. San Inazio egunarekin izan ohi da txapelketa hau, baina aurten uztailaren 31a asteburuan tokatzen denez, eta ligekin talkarik ez egiteko, aurreratzea erabaki dute. Oarso Bidasoko hiru traineru izango dira bogan: gizonetan Hondarribia eta San Pedro, eta emakumeetan Hondarribia.
Emakumeetan zortzi traineruk egingo dute txapelaren alde. Lehen txandan ariko da Hondarribia, Donostiarra, Zumaia eta Tolosaldearekin batera. Bigarren txandan daude Ondarroa, Deustu, Orio eta Arraun Lagunak. Ligako azken estropadak ikusita, sorpresa emateko aukera dute berdeek, bigarren izan baitira aurreko aste bukaeran Orion eta Getxon jokatu EuskoTreneko jardunaldietan.
Gizonetan ere zortzi traineru. Horien artean daude Hondarribia eta San Pedro. Moreak lehen txandan ariko dira Urdaibai, Ondarroa eta Oriorekin batera; KAE1eko traineru bakarra da Libia, beste guztiak Eusko Label Ligakoak direlako. Bigarren txandan izango da Hondarribia, estropada eremua Zierbenarekin, Santurtzirekin eta Donostiarrarekin konpartituz. Ama Guadalupekoa txapela irabazteko faboritoen artean dago.