Banderarik eskuratu gabe igaro da azken asteburua
Bost bandera izan dituzte jokoan Hondarribia Arraun Elkarteko traineruek; emakumeen eskifaiak sailkapen nagusiko azken postutik ateratzea lortu du.
Hondarribia Arraun Elkarteko ontziek bost bandera izan dituzte jokoan azken asteburuan. Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruak Orioko (Gipuzkoa) eta Getxoko (Bizkaia) banderak lortzeko lehiatu ziren larunbatean eta igandean, hurrenez hurren. Eta KAE2 ligako ontziak, bestalde, Portugaleteko (Bizkaia) ikurrina eskuratzeko indarrak neurtu zituen atzo.
Hori horrela, emakumeen eskifaia bigarren sailkatu zen larunbatean, Orion, 10.58,36 denbora eginda. Atzokoan ere fin aritu zen taldea, eta bigarren postua eskuratu zuen Getxon, 10.55,22 markarekin. Asteburua lortutako emaitza onek sailkapen orokorraren azken postutik hirugarrenera eraman du trainerua.
Gizonen lehen ontziak, bere aldetik, hirugarren postua lortu zuen asteburuan izandako bi estropadetan. 20.00,10 denborarekin itxi zuten estropada larunbatean, eta 20.05,30 markarekin, igandean. Sailkapen orokorraren bigarren lekuan kokatuta dago Ama Guadalupekoa azken jardunaldien ondotik.
Azkenik, KAE2 ligako Hondarribia B ontzia zazpigarren sailkatu zen atzoko estropadan, 21.41,72 denbora eginda. Sailkapen nagusiko laugarren postuan dago talde berdea.