[Elkarrizketa] «Gehien gogoratzen dudana panpin puzgarria da»
Mozorroen, musikaren eta antzerkiaren artean jaio zen Pedro Aiestaran ‘Popotxo’-ren alaba. Hondarribian bizi da aspaldi, eta urrian zendutako aitaren oroitzapenak eta argazkiak partekatu nahi izan ditu HITZA-rekin.
Popotxoren alaba jaio zinen 1983an. Nola izan ziren artisten artean bizitako lehen urte horiek?
Garai hartan aitak etengabe bidaiatzen zuen, beraz, ez dut oroitzapen gehiegirik, baina atseden hartzen zuenean Tenerifera [Kanaria uharteak] joaten ginen bi hilabetez, eta hor bai elkarrekin egoten ginela. Nire aitak maiz bidaiatzen zuenez amarekin egoten nintzen, eta ama Tenerifekoa da.
Mutua izan ohi zen Popotxo oholtza gainean, hain isila zen agertokitik kanpo?
Oso lotsatia zen, ez zuen bere ahotsa gustuko eta ez zitzaion hitz egitea gustatzen, Charles Chaplin edo Buster Keatonen antzera. Areago, Keaton oso gustuko zuen, eta harekin zertxobait identifikatua ikusten zuen bere burua.
Kalean, hala ere, oso bestelakoa zen. Hor ez zuen lotsarik sentitzen, pailazo baten antzerakoa zen. Tontoarena egitea maite zuen, eta bizitzan maite zuen hori egiten zuen agertokietan. Profesionalki horretara dedikatzea gustatzen zitzaion. Orain dela urte gutxi billete faltsuz betetako maletin bat egin zuen lagunekin, eta lurrera bota zen tiro egin izan baliote bezala [barre egiten du]. Halakoak maite zituen.
Javier Gurrutxagarekin Orquesta Mondragonen musika eta antzerkia uztartzen hasi ziren, estilo berezia sortuz.
Bai. Nire amona oso modernoa zen eta Ipar Euskal Herrira joaten zen nire aita eta osabarentzako musika erostera. Haien lagun guztiak joaten ziren gero amonaren etxera musika entzutera, tartean, Javier Gurrutxaga. Noski, diktaduraren garai hartan soilik Espainiako musika zegoen, amonak oso gauza modernoak ekartzen zizkien, eta flipatzen zuten. Musika entzuten hasi ziren eta pixkanaka Javier [Gurrutxaga] eta aita lagun minak egin ziren musikan gustu komunak zituztelako. Hala hasi ziren, nire amonaren etxean.
Berritzaileak izan ziren gainera.
Bai, nire aitari asko gustatzen zitzaion antzerkia eta zinea, eta beraz, nahasketa bat egitea erabaki zuten.
Zure etxean mozorroak ohikoak ziren?
Oso ohikoak. Nik ere mozorrotzea maite dut, hori oinordetzan jaso dudala esango nuke. Mozorrotzera jolasten genuen maiz. Argazki artistiko pila bat ditut etxeko teilatu lauean nire ama, osaba eta amona, denak mozorrotuak. Nahiko modernoa zela uste dut; gaur egun begiratzen ditut eta izugarri harritzen naute.
Aitaren dohain artistikoak oinordetu dituzu?
Oso lotsatia naiz; beldur eszenikoa daukat eta ez naiz eroso sentitzen agertokian. Baina mozorroaren artea barruan daramat, baita musika ere, izugarri maite dut musika.
Ze musika entzuten zenuten etxean?
Prince, Led Zeppelin, Nina Simone… Eta saltsa, Tito Puente adibidez. Nahasketa nabaria da, nire aitari gustatzen zitzaion, eta noski, nire ama kanariarra da. Kontua da nire aitak perkusioa maite zuela, bateria jotzailea izan nahi zuen, baina oso txarra zen. Orquesta Mondragon-eko bateria jotzailea izan behar zuen, baina ez, horregatik buelta eman zioten taldearen hasierako ideiari.
Zein pertsonaia irudikatzen gogoratzen duzu?
Pertsonaia ugari gogoratzen ditut, baina bereziki, Txanogorritxurena dut gogoan. Niri Txoria gustatzen zitzaidan, nahiz eta gehien gogoratzen dudana panpin puzgarria den. Etxean egon ohi zen, puztuta, eta benetan diotsut, ez nuela ezer ulertzen, niretzako flotagailu bat zen. Egun osoa ematen nuen panpinarekin; berak bere gauza guztiekin jolasten uzten zidan.
Oroitzapen lausoak dituzu garai horri buruz, ezta?
Bai, oso txikia nintzen. 8 urterekin joan nintzen Donostiatik eta 19 nituen itzuli nintzenean.
Oso bitxia izan zen itzulera? Zure oroitzapenak oso ezberdinak ziren?
Ez, oroitzapenak nituen baina bereziki artistaren irudia nuen gogoan, pertsonaiarena. Egia esan, berriz ere elkartzea hunkigarria izan zen.
Nola igaro ziren azken urteak?
2013. urtean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema jaialdiaren kartela egin zuen eta orain dela bost urte-edo Donostiako Konstituzio Plazan kontzertu bat eman zuten. Dena beteta zegoen. Remember [Gogoratzeko] moduko bat izan zen. Hori izan zen bere azken kontzertua eta jende ugari joan zen.
Eta horren ondoren?
Maiz egoten ginen elkarrekin. Gure urterik onenak izan zirela uste dut, bera hemen egoten zelako normalean. Pentsa, ni Donostiara itzuli nintzenean bizitzera bera Madrilera joan zen berriz ere La cucaracha express [Labezomorro espresa] telesaila grabatzera. Bi urtez-edo egon zen Madrilen, eta ondoren Donostiara itzuli zen berriro, baina Mexikora alde egin zuen.
Bidaiatzen eman zuen bizitza, hori zen nahi zuena?
Bai, baina inpresioa daukat are gehiago egin izana gustatuko litzaiokeela.
Orain ez dagoela, zein mozorrorekin jarraitu duela bere bidea uste duzu?
Bada uste dut bera zen moduan, askoz ere autentikoagoa. Gauza zatarrak gustatu arren, oso dotorea izan zen beti. Oso gustu ona zuen, apain-apain eta lurrinduta joaten zen.