Pandemia hasi zenetik, Bidasoan ez dira izan aste honetan adina kutsatu
Aste honetan 199 irundar kutsatu dira koronabirusagatik, eta Hondarribian 43 izan dira jasotako positiboak. Tasak asko hazi dira.
Aste txarra COVID-19aren bilakaerari dagokionez Irunen eta Hondarribian. Kutsatu asko izan dira astelehenetik ostegunera, pandemia hasi zenetik ezagutzen ez ziren tamainakoak gainera: Irunen 199 positibo izan dira astegun horietan, eta Hondarribian 43. Joan den asteko epe berberean (hilaren 5etik 8ra) bi herrien artean 189 izan ziren kutsatutakoak, hura ere zifra nabarmen handia.
Kutsatze horien guztien eraginez, aste honetan COVID-19aren transmisioaren eremu gorrian sartu dira Behe Bidasoko bi udalerriak, tasak 400dik nabarmen pasatu direlako. Ondokoak dira, atzoko datuekin, bi herrietako egoeraren adierazleak.
- Irun. Tasa: 848 (igandean 556ekoa zen). Positiboak (astelehena-asteartea-asteazkena-osteguna): 29-50-75-45.
- Hondarribia. Tasa: 659 (igandean 412koa zen). Positiboak (astelehena-asteartea-asteazkena-osteguna): 9-9-15-10.