Jaizkibel: "Hondarribiko Alardeak orain duen formatuan parte hartzeko prest gaude"
Mende laurdena igaro ondoren eta blokeo egoerari aurre egiteko helburuarekin, 2022an 22. konpainia izateko proposamena egin du talde parekideak.
2022. urtetik aurrera Hondarribiko Alardearen 22. konpainia izateko proposamena egin du gaur eguerdian Jaizkibel konpainiak. Ixabel Alkain kapitain ohiak irakurri du talde parekidearen izenean komunikatua, eta proposamen argi bat luzatu die eragile eta herritarrei: “Hondarribiko Alardeak orain duen formatuan parte hartzeko prest gaude”.
Konpainia parekideko kideek agerraldia egin dute gaur eguerdian Hondarribiko udaletxeko arkupeetan. 1996tik aurrera jaietan emakumeen parte hartzea bermatzeko emandako aurrera pausoak gogoratu dituzte, baita, erakunde publiko guztien ateak jo izana ere. “Jaurlaritza, aldundia eta udala ahalegindu dira elkarrizketa horiek antolatzen, arrakastarik gabe, oraingoz”, adierazi du Alkainek.
Ildo horretan, 25 urtez alarde bakar, parekide eta publikoa defendatu dutela esan du, “eta beste horrenbeste urtez defendatuko dugu, hala behar balitz”. Hala eta guztiz ere, mende laurdeneko blokeoaren ondotik, beste aurrera urrats bat egitea erabaki du Jaizkibelek: “Hauxe da gure aldarria: 22. konpainia barruan nahi dugu”.
Udalari gonbita
Alardearen gatazkari irtenbidea emateko proposamena dela Jaizkibelek egindakoa adierazi du prentsa aurrean Alkainek. Areago, “beste proposamenei” batzen zaiela erantsi du. Zentzu horretan, Hondarribiko Udalari dei egin dio kapitain ohiak, “irtenbide adostu bat babes dezan”. Emakundek argitaratutako Euskal Autonomia Erkidegoko herrietako jaietan emakumeen parte hartzea sustatzeko estrategiak ikerlanean bildutako esperientziak eta ondorioak aintzat hartzeko galdegin dio, halaber, udalari: “Erakundeen, eta beraz, alderdi politikoen babesik gabe zaila baita konponbidea”.
Iaz bezala aurtengo alardea ere bertan behera geratu denez, “hurrengo alarderako gelditzen zaigun denbora elkarrizketak bultzatzeko ahaleginean emango du Jaizkibel konpainiak”. Alkainek bukatu duenez, “festek hondarribiarron batasuna sendotzeko balio behar dute, ez zatiketarako, Hondarribiko herriak hori merezi duelako”.