Bueltan da Txingudi Korrika
Hutsune luze baten ostean bueltan da urteko lasterketa berezienetako bat. Irailaren 18an egingo dute, eta dagoeneko dortsalak eskura daitezkeela jakinarazi du BATek.
Pandemiak lasterketarik gabe utzi ditu running munduaren zaleak hilabete gehiegiz, hutsune handia sumatu dute. Baina zorionez, aurten bai, urteko lasterketa berezienetako batean aritzeko aukera izango dute Bidasoa eta inguruko herritarrek. Bueltan da Bidasoa Atletiko Taldearen (BAT) urteko lasterketa klasikoa, bueltan da Txingudi Korrika. Berreskuratzeko apustua egingo dute aurten, XXII. edizioa helduko da irailaren 18an, osasun egoerak baimentzen badu, noski. 1.000 korrikalariko muga jarri dute.
Beraz, aurten bai, Irun, Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen lasterketaz gozatzeko aukera izango da. Beti bezala, 10 kilometroko ibilbidea zeharkatu beharko dute lasterkariek. 2019an egin zuten azkenekoz.
Edizio honetan ere, lasterkariez gain, roller-ek ere (patinatzaileek) eta handbike-k (eskuz eragindako bizikletak) hartuko dute parte, hala jakinarazi berri du klubak.
Dagoeneko izena eman daitekeela aurreratu du BATek, esteka honetan edo klubaren egoitzan bertan. Abuztuaren 17ra bitarte 10 euro ordaindu beharko dira; abuztuaren 18tik irailaren 17ra bitarte 13 euro, eta egunean bertan 20 euro. Dortsalak klubaren egoitzan jaso beharko dira, irailaren 16a baino lehen.
Txingudi Korrika Txikia, bertan behera
Nagusiek eskualdea zeharkatzeko aukera izango duten arren, txikien lasterketa bertan behera uztea erabaki du klubak. “Hurrengo urtean egitea espero dugu, ilusio hori dugu”, diote klubeko iturriek.