Sorotan Beleren doinuak gogoan izango dituzte igandean
Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak Hondarribia Hiria musika bandarekin batera eskainiko dute Sorotan Bele Gogoan ikuskizuna; kontzerturako sarrerak ordu erdian agortu zirela jakinarazi dute.
Sorotan Bele musika taldearen doinu mitikoak entzungai izango dira igandean, Kasino Zaharrean. Gorka Sarriegi eta Urbil Artola taldekideek emanaldia eskainiko dute Hondarribia Hiria musika bandarekin batera. Aurkezpena burutu dute gaur goizean Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak, Alazne Alberdi musika bandako zuzendariak eta Artolak berak, Kasino Zaharrean.
Zabaldutako datuen arabera, 300 bat lagunentzako lekua egongo da. “Sarrerak agortuta daude, ordu erdian bukatu ziren, eta beharbada, iraila aldean bigarren saio bat egitea pentsatu dugu”, azaldu du Silanesek. Publiko zabal batera iristeko itxaropena ere agertu du arduradunak, “zabala eta anitza”. Gaineratu duenez, azken urteetan musika bandarekin batera emanaldi mota “ezberdinak eta exijenteagoak” antolatzen ari dira, eta igandeko saioa horren baitan kokatu du hautetsiak.
Artola bere aldetik “kontent” agertu da igandeko hitzorduarekin: “Kontent gaude herrira itzultzegatik”. Ekitaldiak “ustekabean” harrapatu zituela Sarriegi eta bera ere onartu du, “lehen urte haietan ustekabean harrapatu gintuen bezala olatu hori hartzeak”.
Xabier Zabala musikari eta konpositorearen proposamena izan zela Sorotan Bele Gogoan ikuskizuna ere azaldu du Artolak. “Hark egin ditu moldaketa guztiak bandarako”, erantsi du. Tokian tokiko bandekin harremanetan jartzen da horretarako, eta dagoeneko, bi kontzertu eskaini dituztela Bizkaian esan du: “Biak maiatzean izan ziren, bata Larrabetzun, eta bestea, Getxon”.
Sorotan Bele “ezberdina”
1990eko hamarkadako Hondarribiko taldearen itzulerak zeresana eman duela onartu dute hiruek agerraldian. Artolak aitortu duenez, “berehala konturatu ginen espero genuena baino oihartzun handiagoa hartu zuela. Harrituta gaude”. Ildo horretan, bandarekin jotzea “ezberdina” den arren, “gogotsu” ere daudela adierazi du musikariak.
Bandako kideentzat ere “gorakada” izan dela adierazi du, bestalde, Alberdik: “Urtebete generaman elkarrekin jo gabe”. Tankera honetako emanaldi batekin “berriz ere jokoan sartzeko” aukera edukitzeagatik pozik agertu da bandako zuzendaria. Bandako musikari guztiek elkarrekin entseatzeko zailtasunen gainetik, ikuskizuna iristeko zain daudela argi utzi nahi izan du irundarrak.