Bizikideak ez direnen kaleko topaketak debekatuta, 00:00etatik 06:00etara
Udal bakoitzak eskumena duen lurraldean zehaztu beharko du zeintzuk diren murriztutako eremu horiek. Neurri berria bihar gauerditik bete beharko da.
Atzo arratsaldean iragarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen Labi instituzionalak neurri murriztaile berri bat gehituko zaiela egungo arauei: bizikideak ez diren pertsonen topaketak kalean 00:00etatik 06:00etara galaraztea, hain zuzen. Araua bihar, ostirala, sartuko da indarrean.
Lehendakariak adierazi du erabakiaren xedea, Euskal Autonomia Erkidegoan kutsatzeen kopurua gora egiten ari dela ikusita (989 positibo zenbatu dituzte azken 24 orduetan, gune gorrian sartzear dagoelarik erkidegoa), eremu publikoetan ematen diren jende pilaketak saihestea litzakeela.
Gauzak horrela, dekretu berriarekin, goizaldeko sei ordu horietan bizikideak ez diren pertsonek ezingo dute aire libreko eremuetan elkartu, hala nola, parke, lorategi, hondartza, patinatze pista, portu edo bestelako gune publikoetan. Eskualdeko bi udalek ezarri beharko dute, zehazki, zeintzuk diren gauerditik aurrera murriztuta geldituko diren espazio horiek, haiek eskumena duten lurraldean.
Etxeratze agindurik ez dute ezarri, beraz, baina bai gauez jende taldeak elkartzeko debekua. Horrek ez du esan nahi, ordea, pertsonen zirkulazioa debekatuta dagoenik; bakarrik edota bizikide direnekin ahalbidetuta legoke eremu publikoetan egotea gauerditik aurrerako denbora tarte horretan.